'Mozal legea'

Polizietako sindikatuak plazara atera dira 'mozal legea'-ren erreformaren aurka

Ertzaintzako, Foruzaingoko, udaltzaingoetako, Guardia Zibileko eta Espainiako Poliziako ordezkariak batera egin dute protesta, besteak beste, herritarrek komunikatu gabeko bat-bateko bilkurak egiteko eskubidearen kontra agertzeko.

Polizien bilkura, Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan, gaur. JESUS DIGES / EFE
2021eko azaroaren 24a
18:51
Entzun

Hego Euskal Herrian dauden polizia guztietako sindikatuetako ordezkariak bildu dira gaur Iruñean eta Bilbon, Mozal Legearen erreformaren aurka protesta egiteko.

Hamar sindikatuk egin dute bat Bilbon eginiko bilkuran, Plaza Eliptikoan: ErNE, Euspel, SiPE, SVPE-PLES, IGC, AUGC, CEP, SPP, SUP y UFP. Espainiako Poliziako SUPeko Ramon Cossio mintzatu da plataformaren izenean. Salatu du, besteak beste, legearen erreformari jarraikiz herritarrek komunikatu gabeko «bat-bateko elkarretaratzeak» egin ahal izatea.

Horrez gain, deitoratu du herritarrek Polizia grabatu ahal izatea, eta sare sozialetan zabaltzea, horrek poliziak «babesgabe» uzten dituelakoan. «Oso zaila da irudiak eta bideoak sareratzen dituzten pertsonen aurka jotzea. Gure lana zaila da. Gauzak okertzen direnean, geuk hartu behar dugu esku, eta, egoera horretan, geure lana itsusia izaten da», onartu du.

Espainiako Gobernuari eskatu dio polizien sindikatuekin hitz egin dezala, mozal legea aldatu aurretik.

Ertzaintzako ErNE sindikatuko Roberto Seijok esan du bilkura «historikoa» izan dela Araban, Bizkaian eta Gipuzoan ari diren polizia guztietako ordezkariak bildu dituelako. Legea aldatzeak «segurtasun eza» sortzen duela gaineratu du. Adierazi duenez, mobilizazioak egingo direla iragartzea derrigorrezkoa izan beharko litzatekeela. Horrez gain, kexua agertu du polizien testigantzari ematen zaion balioarengatik: «Ez badiote sinesgarritasunik ematen Poliziaren hitzari, geureak egin du!».

Ertzaintza Sipe sindikatuko Juan Carlos Saenz, berriz, deitoratu egin du gomazko pilotak erabiltzea zalantzan jartzea. «Ez diegu herritarrei minik egin nahi».

Iruñean, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzan bildu dira. Sindikatuetako kideez gain, Navarra Sumako eta Voxeko ordezkariak egon dira bilkuran.

Ez, segurtasunik gabeko Espainiari leloa zuen pankarta baten atzean bildu dira, eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen dimisioa eskatu dute, oihuz. Legearen erreformak kalean drogak edukitzeagatik jarritako isunak jaisteko bidea emango duela, deitoratu dute, irakurritako agiri batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.