Euskal Herrian erreakzio erreskada eragin du Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako murgiltze eredua kendu eta ikastorduen %25 behintzat gazteleraz ematera derrigortu izanak. Ikastolen Elkarteak epaia «gaitzetsi» du ohar bidez: «Herri batek bere hizkuntza —hizkuntza gutxitua, gainera— biziberritzeko nahia aurrera eramateko bideari ezin zaio trabarik jarri, ez legeen bitartez, ezta lege horiek interpretatu eta epaiak ematen dituzten erakundeen bitartez ere». Justu aurkakoa egin behar delakoan dago: «Hizkuntza gutxitua biziberritzea kaltetzen dituzten bideak dira moztu beharrekoak». Nabarmendu dute Katalunian gertatutakoaren «antzeko erasoak» Euskal Herrian ere «maiz» gertatzen direla.
Dena den, esan dute epaiak ez dituela harritu, Kataluniako Auzitegi Nagusiak aurretik emandako epaia berretsi baitu Espainiako Auzitegi Gorenak. Azaldu dutenez, Kataluniako Hezkuntza Legean oinarritzen da epaia: «2009an onartu zen lege hori, Espainian LOMCE [hezkuntza] legea indarrean zegoela, eta, testuinguru horretan, ikasgaien %25 gaztelaniaz ematera behartzen zuen dekretu bat indarrean zela. Beraz, hori aintzat hartuta, bi auzitegiek bat egin dute dekretuaren irakurketarekin». Orain, ordea, LOMLOE legea dago indarrean, eta bertan jasota dago gaztelania ez dela izango komunikaziorako hizkuntza. Gainera, Ikastolen Elkarteak nabarmendu duenez, «hainbat neurri» hartzeko aukera ematen du, «ikasleek euskarazko hizkuntza komunikaziorako gaitasuna behar den maila lortzea bermatzeko». Hori bai, horrela izan dadin, azaldu dute beharrezkoa dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hurrengo hezkuntza legean jasotzea euskara dela komunikazio hizkuntza eta ikaskuntza hizkuntza. «Aukera paregabea dugu Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako garatuko den hurrengo hezkuntza legean euskarari behar duen bultzada emateko, baita ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitzen dutenean euskaraz gaitasun osoa izateko ere». Halaber, «garrantzitsua» iruditzen zaie LOMCE arautzeko eginiko errege dekretua bertan behera uztea ere, «gaztelaniaren gutxieneko komunikazio erabileraren zehaztapena organo judizialek adierazi duten bezain handia izan ez dadin».
Ikusi gehiago:Nola jorratu dute Auzitegi Gorenaren ebazpena Kataluniako hedabideek?
Ikastolen Elkartearen irudiko, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiak «are eta premiazkoagoa» egiten du Eusko Legebiltzarrean ontzen ari diren hezkuntza legean murgiltze eredua jasotzea eta hizkuntza ereduak indargabetzea. Eta ohartarazpen bat egin dute: «Hala egiten ez badu, Espainiako justizia auzitegien eta helegiteak jartzen dituzten Espainiako alderdi politikoen eta gure hizkuntzari erasoka dabiltzan bestelako eragile batzuen esku egongo gara berriro, Katalunian gertatu den bezala».
Erabakia «arduraz» hartu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako zuzendariak bitzen dituen Heize elkarteak. Iñigo Salaberria lehendakariak esan du ikusteko dagoela oraindik zein eragin izango duen: «Ikusteko dago hori nola aplikatuko den eta nolako eragina izango duen; halere, legez hezkuntza dinamiketan eragite hori estrategia gisa agian ez da egokiena».
Ikusten du eskola publikoetako familiek D eredua —euskara hutsezkoa, eta gaztelania irakasgai bat dena— hautatu dutela nagusiki. Eta hala erantsi du: «Hizkuntza ez da gatazka gai bat, euskara integraziorako giltzarri bihurtu zaigu». Halere, egun legea ez dela betetzen azaldu du, ikasle orok ez duelako bermatuta euskaraz legeak markatzen duen ezagutza maila izatea: «Eta ez bereziki D ereduarengatik; A eta B ereduek ere bermatu beharko lukete maila edo konpetentzia linguistiko hori».
Administrazioan Euskaraz taldeak ere gogor kritikatu du epaia, eta «botere banaketarik ezaren» adierazle dela uste du: «Botere judizialaren egitekoak izan behar luke legea betearaztea, ez besterik, baina Espainiako justiziak, askotan, botere legegilearen rola hartzen du, eta epai bidez legislatzen du», azaldu du taldeko bozeramaile den Joseba Otanok. Haren esanetan, auzia ez da berria, eta egiturazkoa da. «Diktaduraren segida da fenomeno hau, baina, orain, epaileak arduratzen dira bide horri eusteaz eta hizkuntza eskubideak zapaltzeaz».
«Oso larria»
Gaiaren inguruko ohar bat kaleratu du Euskalgintzaren Kontseiluak ere, «berezko hizkuntzak desagerrarazteko estrategia» salatzeko. Botere judizialaren jarrera gaitzetsi du bereziki: «Kataluniako eskoletako murgiltze ereduaren aurkako erasoarekin, botere judizialaren oldarraldian beste urrats bat egin du Gorenak».
Auzitegiak baztertu egin zuen atzo Generalitateak iaz aurkezturiko kasazio helegitea, eta, hortaz, Katalunian ikastorduen %25 gazteleraz ematera behartu du. Ebazpenaren arabera, ikasleek «berehala» hasi behar dute eredu berri horretan ikasten.
Erabakia «oso larria» dela uste du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak, eta salatu du epaileek aspalditik zutela jomugan «Kataluniako eredu orokortu inklusiboa». Izan ere, eredu hori abian jarri zenean ere saiatu ziren baliogabetzen, baina ez zuten lortu: «Urteetan legezkoa izan dena legez kontrako bihurtu izanak erakusten du erabakiak ez duela oinarri juridikorik», gaitzetsi du Bilbaok. «Ez dago zalantzarik inertzia politikoak bultzatutako estrategia bat dela».
Kontseiluak azaldu du eredugarria dela Kataluniako eredua, «hizkuntza separatismoaren eredua» baztertu egin baitzuten han, ikasleen arteko segregazioa saihesteko.
Jauzia egiteko unea
Txalotu egin du Kataluniako erakundeek eta eragileek erabakia jakin zenetik izandako jarrera: «Oso argi erakutsi dute beren eredua defendatzeko prest daudela eta gizartearen babesa duen hezkuntza eredu horrekin jarraituko dutela», gehitu du Bilbaok.
Euskal Herriari dagokionez, Kontseiluak gogorarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere zabaldu berri dela hezkuntzaren legearen inguruko eztabaida. Bilbaok aipatu du «hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, Kontseiluarekin batera, Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena» jorratu zutela: «Inor bazterrean utziko ez duen eredu bat behar dugu, eta gutxien duenari gehiago emango diona. Gurean ere adostasun ikaragarri handia dago hezkuntzan jauzia egiteko», azaldu du. «Orain da hezkuntzan jauzia egiteko unea».