Hezkuntza

Kataluniako murgiltze eredua amaitu du Espainiako Gorenak

Generalitatearen helegitea baztertuta, auzitegiak berretsi du ikastorduen %25 gazteleraz egin beharko dituztela. Hezkuntza kontseilariak ikastetxeei eskatu die programak ez aldatzeko.

Bartzelonako ikastetxe bat, artxiboko irudi batean. QUIQUE GARCIA / EFE
ander perez zala
2021eko azaroaren 23a
18:23
Entzun

Murgiltze eredua amaitu egin da Katalunian. Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du astearte arratsaldean Generalitateak iaz aurkezturiko kasazio helegitea, eta, hortaz, Katalunian ikastorduen %25 gazteleraz ematera behartu du. Ebazpenaren arabera, ikasleek «berehala» hasi behar dute eredu berri horretan ikasten.

Kataluniako Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez-Cambrayk eta Kultura kontseilari Natalia Garrigak eman dute epaileen erabakiaren berri. Agerraldian, Gonzalez-Cambrayk «lasaitasuna» eskatu die ikastetxeei, eta indarrean dauden programak ez aldatzeko: «Egungo eredua mantenduko dugu».

Bi kontseilarien ustetan, Gorenaren erabakia «zuzeneko eraso bat da» Kataluniako hezkuntza sistemaren kontra: «Murgiltze eredua oinarri sozial, soziologiko eta politiko zabal batean dago eraikita, eta hala islatu da urte hauetan guztietan».

Garrigak azaldu du katalana gobernuaren lehentasunetako bat dela, eta bilera bat antolatuko dutela hizkuntzaren erabilera sustatzen duten talde guztiekin; Pere Aragones Generalitateko presidenteak ere parte hartuko du horretan, elkarlanean aritzeko eta «erantzun bateratu bat aztertzeko». Horietako bat litzateke erabakia ez errespetatzea, bi kontseilariek agerraldian iradoki dutenez.

Omnium Culturaleko presidente Jordi Cuixart ere haserre agertu da Gorenaren erabakiarekin, eta adierazi du «herrialdearen arrakasta handi hori babestuko» dutela; erakundeei, berriz, eskatu die Kataluniako hezkuntza eredua «gotortzeko».

Kataluniako Auzitegi Nagusiak iragan abenduan ebatzi zuen Kataluniako Gobernuak neurriak hartu behar dituela ikastetxeetan gaztelania eta katalana «normal» erabil daitezen, haietako baten «erabilera sinboliko hutsa» saihesteko.

Horren ondorioz, irakastorduen %25 gazteleraz ematera derrigortu zuen Generalitatea, eta kritikatu egin zuen orain arte gutxieneko kopuru hori betetzeko neurririk hartu ez izana; orduan aurkeztu zuen Kataluniako Gobernuak erabaki horren kontrako kasazio helegitea.

Hori argudiatzeko, Hezkuntza Kontseilaritzak zenbait datu helarazi zituen: lehen hezkuntzan orduen %18 ematen direla gazteleraz; bigarren hezkuntzan %19; eta batxilergoan %26. Generalitateak froga gisa erabili zituen 184 ikastetxeetatik bostetan ikasgaien %25 gaztelaniaz ematen dituztela.

Erabakia 2015ean Espainiako Auzitegi Gorenak hartutako beste ebazpen batean oinarritzen da, zeinak ontzat ematen duen irakastorduen laurden bat gaztelaniaz ematea, betiere horien artean irakasgai ardatz bat badago; guraso talde batek, baina, helegitea aurkeztu zuen gutxieneko kopurua %50era igotzeko eskatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.