Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak gaurko batzarrean erabaki du bost milioi euroko diru-laguntza programa bat ematea prentsa idatziari eta irratiei, COVID19-ak eragindako «lurrikara ekonomikoari» aurre egiteko: «egunkarien salmenten beherakada batetik, eta irratietako publizitatearen jaitsiera bestetik» .
Audientziaren arabera banatuko du Jaurlaritzak diru hori. Egunkariei dagokienez, Vocento taldeak jasoko du gehien; 1,6 milioi euro El Correo-k eta 747.535 euro El Diario Vasco-k. Deia egunkariak 558.126 euro jasoko ditu, eta 305.580 euro Gara-k. BERRIAk, berriz, 290.427 euro. Zerrenda horretan hurrengoak dira Noticias taldeko beste argitalpen batzuk: Noticias de Gipuzkoa-k 171.731 euro jasoko ditu, eta Noticias de Alava-k 113.645 euro.
Irratiei dagokienez, Ser irrati kateari emango diote diru gehien: 520.244 euro. Nervion irratiari, berriz, 224.765 euro, eta Coperi 174.256. Onda Cerok 123.747 euro eskuratuko ditu, eta Onda Vascak 73.238 euro. Herri Irratiak (25.254 euro), Radio 7k (22.729 euro) eta Bizkaia irratiak (40.000 euro) osatzen dute zerrenda.
Jaurlaritzak azaldu du izurri garaian «agerikoa» izan dela «hedabide profesional eta gertukoek duten funtzio garrantzitsua eta eraginkortasuna, interes orokorreko eguneroko informazioa gizarteari helarazteko bitarteko diren heinean».