«Euskal gizartea gero eta sentsibilizatuago dago berdintasunarekin, eta gero eta neurri gehiago eskatzen ditu emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko». Ondorio horretara iritsi da gaur Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua. Andreen kontrako bortizkeriaren inguruko jarrerei buruz azterlan bat aurkeztu du gobernu kontseiluaren osteko agerraldian, eta berretsi du indarkeria horren inguruko kezka nabarmen handitu dela azken urteetan: galdetutakoen %84k uste dute indarkeria matxistaren aurkako borrokak «lehentasuna» izan beharko lukeela. Igo egin da indarkeria eta desberdintasuna lortzen dutenen portzentajea; %89 oso ados edo nahiko ados agertu dira baieztapen honekin: «Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak irauten duen bitartean, emakumeen aurkako indarkeria egongo da».
Era berean, inkestak agerian utzi du indarkeriaren inguruko isiltasuna hausten ari dela, eta gero eta biztanle gehiagok antzematen dutela bortxa. Galdetutakoen %37k adierazi dute inguruan (familian, lagun artean, lantokian edo auzoan) ezagutzen dutela bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarrak jasandako emakumeren bat; %27 ziren 2015ean, eta %18 2004an. Hala ere, azterlanak agerian utzi du estereotipo eta mito askok indartsu dirautela. Adibidez, inkestan parte hartu dutenen %50k uste dute alkoholak eta drogek eragiten dituztela indarkeria ekintza «gehienak»; %27k, salaketa faltsu «asko» daudela; eta %24k, biktima gehienak etorkinak direla.
Eraso bat ikusiko balute zer egingo luketen ere galdetu dute azterlanean. %54k erantzun dute Poliziari deituko lioketela, %25ek erasotzaileari aurre egingo liokete, eta %13k beste pertsona batzuei eskatuko liekete laguntza. Inkestan parte hartu dutenen arabera, indarkeria molde ohikoenak dira, hain justu, bikotekideak egindako bortizkeria psikologikoa, eta, horrez gain, sare sozialen bidezko jazarpena. Halaber, bortxa larrienak dira jotzea (%92rentzat), bortxatzea (%87), emakumearen irudiak haren baimenik gabe zabaltzea (%82), mehatxu egitea (%75) edota senide eta lagunekiko harremanak oztopatzea (%75).
Etzi izango da emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna, eta adierazpen instituzionala plazaratu du aurten ere Jaurlaritzak. «Indarkeria sexistaren adierazpen guztien erabateko gaitzespena» agertu du gobernuak, eta lan egiten segitzeko konpromisoa berretsi du. Halaber, azaroaren 25eko ekitaldietan parte hartzeko deia egin du, «osasun neurriak hartuta».