EAE-ko aurrekontuak

Elkarrekin Podemos-IUk osoko zuzenketa aurkeztuko du

Gorrotxategik jakinarazi du Jaurlaritzak uko egin diola koalizioaren «proposamen estrategikoez» hitz egiteari. EH Bilduk proposamen berri bat aurkeztuko dio Azpiazuri.

Miren Gorrotxategi, goizeko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iosu Alberdi.
2021eko azaroaren 23a
11:47
Entzun

Elkarrekin Podemos-IUk eta Eusko Jaurlaritzak ez dute lortu 2022ko aurrekontuen inguruan ados jartzea, eta Miren Gorrotxategi bozeramaileak adierazi du ostiralean osoko zuzenketa bat aurkeztuko dutela, gobernuak uko egin baitio koalizioaren «proposamen estrategikoez» hitz egiteari. «[Pedro] Azpiazu kontseilariak deitu nau, eta esan dit datorren urtean ikusiko dugula elkar», adierazi du eledunak: «Behartuta gaude osoko zuzenketa aurkeztera». EH Bilduk, berriz, negoziatzen jarraitzeko saiakera berri bat egingo du

Elkarrekin Podemos-IUk bi aldeen arteko lehen bileraren ostean atera zituen argitara aurrekontuetan txertatu nahi dituen zuzenketa partzialak; denera 500 milioi euroko gastua izango luketen hogei zuzenketa. Horien artean, hiru nabarmendu zituen: energia enpresa publiko baten sorrera sustatzea —100 milioi euroko zuzenketa—, larrialdi egoeraren ostean kontratua berritu ez zaien 4.000 osasun langileak berriz kontratatzea —110 milioi eurokoa—, eta hezkuntza publikoa indartzea —80 milioi eurokoa—.

Lehen bilera haren ondoren, David Soto parlamentariak adierazi zuen ez zuela Jaurlaritzaren «borondaterik» ikusi «neurri estrategiko horien» inguruan negoziatzeko, eta, Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak proposamenak aztertzeko asmoa adierazi zuen arren, koalizioak uste du ez dela aurrerapausorik egin. Joan den ostiralean egin zuten bigarren batzarra, baina, Gorrotxategiren esanetan, agerikoa da Jaurlaritzaren «interesik eza»: «Ez dute hitz egin nahi». Koalizioak gehitu du Azpiazuk aurkeztutako kontraeskaintza aztertu dutela, baina hark ez diela proposamenei erantzuten: «Gobernuak ez du gure hizkuntzan hitz egiten». Besteak beste, gaitzetsi dute eskola publikorako eskatutako inbertsioen alorrean patioak berritzeko lau milioi euroko proposamen bat aurkeztera mugatu dela Jaurlaritza. Era berean, gaitzetsi du ez dutela jaso erantzunik diru sarrerak bermatzeko errentaren eta energia enpresa publiko baten sorreraren inguruko proposamenentzat. Hartara, Gorrotxategiren esanetan, gobernua da balizko akordio bati «betoa» jarri diona: «2022ko aurrekontuek Euskadiri ez diote lagunduko pandemiak eragindako kolpe ekonomiko, sozial eta sanitariotik osatzen».

Jarrera horren aurrean, Elkarrekin Podemos-IUko eledunak «subiranotasun energetikoaren» aldeko apustua defendatu du, eta energia enpresa publiko bat sustatzeko lege proiektu bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean: EnergiBerri. Koalizioaren arabera, helburua da «energia propioa sortu eta komertzializatzea», «faktura merkatzeko» eta 2050erako herritarrek ez izateko derrigorrean «oligopolio energetikoari ordaintzeko beharra». Gorrotxategik salatu du haiek Eusko Jaurlaritzaren funts publikoak jasotzen dituztela, baina horiek ez direla inoiz «herritarrentzako onura» bihurtzen.

EH Bildu, hitz egiteko prest

EH Bilduren Mahai Politikoak atzo adostu zuen Eusko Jaurlaritzari proposamen bat bidaltzea, negoziazioei bide ematea posible den aztertzeko. Koalizio subiranistak 118 milioi euroko sei neurri ekonomiko eta beste horrenbeste neurri politiko planteatu zizkion Jaurlaritzari. Bi aldeak joan den asteazkenean bildu ziren azkenekoz, eta, haren ostean, Azpiazuk adierazi zuen Jaurlaritzak 162 milioi euroko proposamen multzo bat jarri zuela mahai gainean, baita «sei neurri politikoetatik lau» ere: «Alternatiba bideragarria eta errealista da». Proposamen hark «deskolokatu» egin zuen EH Bildu, EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidente Itxaso Atutxaren arabera. Bizkaia Irratian eginiko elkarrizketan, adierazi du koalizio subiranistak zail izango duela kontrako botoa ematea, besteak beste, «Nafarroan proposamen horietako batzuk» onartu dituelako.

Bestelako irakurketa egin zuen, baina, EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek bilera hartaz: «Negoziazio prozesu bati ekiteko aukera ez dago gertu». Izan ere, koalizio subiranistaren arabera, gobernuaren proposamenak «gabeziak» ditu, «bereziki konpromiso politikoen esparruan». Kontrara, neurri ekonomikoei dagokionez, «aurrera egiteko aukera» ikusten dute. Hartara, EH Bilduk bihar aurkeztuko dio proposamen berria Jaurlaritzari, eta haren inguruan negoziatuko duen taldea ere izendatu du; Maddalen Iriarte bozeramaileak, Nerea Kortajarena talde parlamentarioko koordinatzaileak, Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendariak eta Unai Urruzuno koordinatzaile nagusiaren albokoak osatuko lukete.

Elkarrekin Podemos-IU izan da osoko zuzenketa bat aurkezteko asmoa adierazi duen lehen talde parlamentarioa, eta, bide hori itxita, EH Bildu da Jaurlaritzarekin negoziazioak irekita dituen talde parlamentario bakarra. Aurrez, ostiralean, PP+Cs koalizioa izan zen Jaurlaritzarekin elkarrizketak «amaitutzat» jo zituena. Vox, berriz, hasieratik utzi zuen kanpoan Azpiazuk. Halere, Jaurlaritzak bermatuta dauka aurrekontuen onarpena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitaukate legebiltzarrean. Iaz, Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatu zituen aurrekontuak nagusiki, baina ez ziren ados jarri, eta gobernuko alderdiek baino ez zuten babestu 2021erako proiektua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.