Sumindurik, haserre bizian azaldu zen Espainiako Kongresuan UPNko diputatu den Sergio Sayas atzoko osoko bilkuran. Espainiako aurrekontuak eztabaidatzeko saioa izan zuten, eta, nabarmen aztoraturik, Sayasek gogor kritikatu zuen EH Bilduk eta Pedro Sanchezen gobernuak berriki eginiko negoziazioetan hitzartutakoa. Besteak beste, eta Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko eledunak iragarri zuenez, ETB3 2022a bukatu aurretik Nafarroa osoan ematea adostu dute saio horietan. Ohartarazpen argia egin du UPNkoak: «ETB3rekin, reset egin nahi dute burmuinetan». Sayasek «doktrinatzeko» asmoa ikusten du ETB3ren emisioa zabaltzeko egin nahi den urratsean.
«Nafarrok ez gaude ETB ikusteko desiotan; nafarrok inbertsioak eta komunitatearentzako proiektu bat nahi ditugu. Badakizue nork ikusi nahi duen Nafarroan ETB? Burmuinetan reset egin nahi dutenek», salatu du Sergio Sayasek. Haren iritziz, EH Bilduk «nazionalismoa indartu» nahi du telebistaren bitartez, uste baitu «Nafarroako herritarrak bereizteko» erabilia dela euskara. Argudiatu du Pedro Sanchezen gobernuak «goragalea eragiteraino» egin diola men EH Bilduri, «beste behin».
Espetxe politikek kezkaturik
Kezkak hartua agertu da Sayas. Eta ez bakarrik ETB3 telebista katearen harira. «Horiek dira ezagutzen ditugun akordioak, baina are gehiago kezkatzen gaituzte ezagutzen ez ditugunek», azaldu du. Hain zuzen, presoen hurbilketei buruzko aipamena ere egin du diputatuak kongresuan. «Otegik presoen askapena eskatu du aurrekontuak onartzeko baldintza gisan. Usteko duzue hori ez dela gertatuko, baina gauza bat esanen dizuet: bai, gertatuko da». Hurbilketekin «gauza bera» gertatu dela argudiatu du Sayasek: «Dagoeneko ez da presorik gelditzen hurbildu gabe».