Hiru egunen faltan, ate joka dago azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna. Efemeridea gorriz pintatua da egutegian, eta, hain zuzen ere, eguna maiz da motibo egoki indarkeria matxistak utzitako datu beltzak bistaratzeko. Baita egoeraren diagnostikoa eta analisia egiteko ere. Datuak gordinak dira oraindik ere; ez baita desagertu matxismoaren gaitza. Egoeraren larritasunari ikusgaitasun handiagoa ematea helburu, BERRIAk bideo bat sortu du gai horren gainean.
Ikus-entzunezkoak, hain zuzen, BERRIAk aspaldi abiatua duen atal batean du oinarria. Nazioarteko egunera mugatu beharrik gabe, BERRIAk egunero heltzen baitio gai honi. Besteak beste, 2003. urtetik gaur egunera arte Euskal Herrian izandako hilketa matxistak zenbatzen ditu egunkariak: Zaurien mapa-n daude bildurik, webgunean. Hala, urtez urteko datuak eta lurraldekakoak ikus daitezke, baita hilketa bakoitzaren inguruko albistea ere: biktimaren datuak, hilketaren data, kokapena eta hiltzailearen nolakotasuna.
Gaur-gaurkoz, 2003tik hona, 112 dira indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak. 11 haurrak. Azken urte honetan, 2021ean, bost emakume hil dituzte.