Koronabirusaren datuak berriz ere okertzen ari dira Ipar Euskal Herrian. Iragan ostiraleko datuen arabera, zazpi eguneko intzidentzia tasa metatua 221 da 100.000 biztanleko. Erraterako, Lapurdin hiru eskola itxi behar izan dituzte ikasle batzuek positibo eman ondotik. Hala, Bidarteko eskola publikoa eta Uztaritzeko eta Basusarriko ikastolak astebetez egonen dira hetsirik, gutxienez. Gainera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak 60 ikastetxetako 98 ikasgela hetsi ditu koronabirusarengatik, baina ez dute oraingoz ikastetxerik osoki zerratu behar izan. Nafarroan, 85 ikasgela hetsi dituzte, 44 ikastetxetan. Hego Euskal Herrian, beraz, 183 ikasgela konfinatu dituzte guztira.
Bidarteko eskolan, kasurako, 545 ikasle daude. Emmanuel Alzuri auzapezak esplikatu du hastapenean ama eskolan atzeman zituztela kasuak, eta gelak itxi behar izan zituztela. Geroztik, ordea, lehen hezkuntzara ere zabaldu da gaitza, eta horregatik hetsi behar izan dute ikastetxea, prefeturarekin eta ikuskaritzarekin adostuta. Herriko aisialdi zentroa ere zerratu dute, prebentzioz, ikastetxe guztietako ikasleek elkar ez kutsatzeko.
Egoera epidemiologikoaren okertzeari aurre egiteko asmoz, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak maskararen erabilera luzatzea erabaki du zenbait kasutan, abenduaren 17ra arte. Erabili beharrekoa izanen da kanpoko azoketan, elkarretaratze publikoetan, eta publikoa hartzen duten egituren aitzinean sortzen diren jende lerroetan, baina karrikan ez da baitezpadakoa izanen. Eskoletan, berriz, udazkeneko oporren sartzeaz gero, 6 urtetik aitzina derrigorrezkoa da maskara erabiltzea ikastetxe barnean.