Bertsolaritza

Haize berria sartu da Bizkaiko Txapelketako finalera

Gorka Pagonabarraga nagusitu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoan, Etxebarrin, eta finalerako sailkatu da aurreneko aldiz. Haren atzetik geratu dira sailkapenean Onintza Enbeita eta Miren Amuriza.

Gorka Pagonabarraga, atzo, Etxebarrin. ANDONI CANELLADA/FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko azaroaren 22a
11:06
Entzun

Atzo hasi zuen finalaurrekoen itzulia Bizkaiko Bertsolari Txapelketak, Etxebarrin. Gorka Pagonabarraga Agorriak irabazi zuen saioa, 529 punturekin. Eta, hasierako agurrean azaldu zuenez, urduri samar joan zen Etxebarriko frontoira: «Arratsalde on, hau da hau plaza:/ egina nago ehun zati./ Baina batzuon gogo-sabelak/ ase ezinak izaki». Hasieratik bero zegoen giroa; entzuleak, gozatzeko gogoz, eta bertsolariak, emateko gogoz. Irabazlearen atzetik sailkatu ziren Onintza Enbeita Maguregi (518,5), Miren Amuriza Plaza (505,5), Imanol Uria Albizuri (488), Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (441,5) eta Paule Ixiar Loizaga Legarra (434). Horrenbestez, Pagonabarraga zuzenean sailkatu da abenduaren 18an Bilbon jokatuko den finalerako. Lehenengo aldia izango du bertan, eta aurreko txapelketako txapeldun Enbeitaren gainetik sailkatuta, gainera. Gainerako bertsolariek, berriz, datozen bi finalaurrekoen sailkapenen zain gelditu beharko dute.

Zortziko txikian umoretsu ibili ziren bertsolari guztiak. Bikote baten larruan jarri zituen gaiak Enbeita eta Pagonabarraga. Elkarren artean komunikazio askorik ez zegoela eta, sakelakoa gutxiago erabiltzeko terapia bat abiatu zuen bikoteak. Honela hasi zuen ofizioa Enbeitak: «Sasoi baten ginenak/ gazte eta bero,/ orain mahaia erdian,/ ta gu biok zero». Ideia horri tiraka, etxeko sukaldean zegoen tentsioa nabarmendu zuten bi bertsolariek. Hala ere, amaiera aldera lortu zuten txalo zaparrada handiena, meme berbaren hitz jokoaren ondorioz. Honela esan zuen Pagonabarragak: “Gezurrik ez, itxura/ eskasa daukagu./ Onintza, ja meme bat/ baino ez gara gu». Berehala erantzun zion Enbeitak: «Meme-a izan neike,/ baina mamala ez». Fin itxi zuen ofizioa saioko irabazleak: «Mobilaz edo gabe/ gu geurean tinko./ Hainbeste errespetu/ guk elkarrekiko,/ ta orain Whatsappera/ bi korasonsito./ Memela asko maiteko/ zaitut nik betiko».

Hamarreko txikian, berriz, umoretik eta gogoetatik jo zuten bertsolariek. Lan elkarrizketa bateko itxarongelan zeuden Enbeita eta Amuriza. Diru premia larrian zegoenez bertatik alde egiteko esan zion Enbeitak Amurizari: «Nirea premia da/ zurea aukera». Bien arteko eztabaidaren ondoren, ondorio argi batekin amaitu zuen bertso aldia Amurizak: «Ze amorruak ez deusku/ jaten emongo ta».

Askotariko begiradak

«Hurreratzeko keinua egin dizu; ez zaude seguru». Bertsolari bakoitzak egoera bana aukeratu zuen kartzelako gaiari erantzuteko. Pobrezia izan zen Pagonabarragak hiru bertsoetan landu zuen gaia. Erosketak egitera joan, eta etxegabe batekin gurutzatu zuen begirada durangarrak: «Egia hau da: gurata ere/ ezingo zaitut lagundu». Pilotalekua lehertu beharrean zegoen bigarren bertsoaldi horren amaieran. Eta, hirugarrenarekin, errematea: «Hauxe delako mendebaldarrok/ daukagun errituala,/ ezikusia egiten dugu/ masailak gorritu ahala,/ berai begira nagoela bai,/ ohartu da berehala,/ baina nik uko egin behar diot,/ egin aise dena dala/ gorritzen zaigu azala,/ eta halere munduak berdin/ berdin jarraitu dezala,/ aurrera egin dut, begiak harro,/ ikusi ez banu bezala”.

Amurizaren bertsoaldiak ere zeharo hunkitu zituen entzuleak. Kuadrillako lagun bat indarkeria matxistaren biktima izandakoa zen, eta erasotzailearekin egin zuen topo Amurizak. Berriztarraren kantaerak eta erabilitako doinuak ileak tente jarri zizkion bati baino gehiagori. Honek ere izugarrizko txalo zaparrada jaso zuen bertsoaldiaren amaieran: «Tipoa neukon begira,/ gorputza neukon dardaraz,/ bera ‘etorri’ esanaz,/ ni erdiko hatza ataraz,/ azkenean, alde egin dot/ bera intakto han lagaz:/ noraezean gidatzen/ bizpahiru ordu daroadaz». Horiez gainera, arrazakeria eta sexu harremanak izan ziren gainerako bertsolariek aukeratutako gaietako batzuk.

Osasun neurriak zorroztuta

Datorren asteburuan jokatuko da txapelketako bigarren finalaurrekoa, hilaren 27an. Galdakaoko Urreta kiroldegian arituko dira kantuan, kanporaketetan sailkatutakoekin batera, zuzenean finalaurrekoetan sartu diren bertsolariak: Aitor Bizkarra, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Josune Aramendi, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia.

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren harira kaleratutako azken oharren ondotik, antolatzaileek adierazi dute datozen saioetako segurtasun neurriak indartuko dituztela. Areto bakoitzaren ezaugarrien arabera, kontuan hartuko dituzte, besteak beste, edukiera, zaleen arteko distantzia eta maskaren erabilera, eta gogorarazi dute ezingo dela ez jan, ez edan.

SAILKAPENA

1- Gorka Pagonabarraga Agorria: 529
2- Onintza Enbeita Maguregi: 518,5
3- Miren Amuriza Plaza: 505,5
4- Imanol Uria Albizuri: 488
5- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia: 441,5
6- Paule Ixiar Loizaga Legarra: 434

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.