Lehengo lepotik burua. Denbora igaro ez balitz bezala. Iazko Binakako Txapelketako bikoterik onena izan zen Elezkano II.ak eta Zabaletak osatzen dutena, eta berdin hasi dute aurtengoa ere. Mungian (Bizkaia) jokatu dute lehen jardunaldian, Ezkurdia-Tolosaren aurka, eta aise irabazi dute.
Hasieran ez zirudien erraz jarriko zietenik: ondo aritu dira Ezkurdia eta Tolosa, eta zirraragarriak izan dira lehen tantoak. 5-7 aurretik zihoazela, pilotakada bat hartu du aurpegian Elezkanok, odoletan hasi da, eta minutu batzuetan norgehiagoka gelditu behar izan dute. Pilotakadak, kalte egin beharrean, mesede egin dio, ordea, aurrelariari. Hortik amaierara, bera izan da protagonista nagusia.
Aldagelatik bueltan, 7-7 berdindu dute Ezkurdiak eta Tolosak. Hor amaitu da partida, irabazleek hurrengo hamabost tanto jarraian egin baitituzte, amaieraraino. Atzeko koadroetan agindu egin du Zabaletak, eta aurrean asmatu egin du Elezkanok.
Dena den, Zabaletak esan du ez dela gustora geratu egindako lanarekin: aitortu du konfiantza falta zaiola oraindik, eta ez dagoela bere onenean. Ikustekoa izango da, orduan, konfiantza hartzen duenean nola jokatuko duen.
Tolosak, berriz, aitortu du ez dela pozik atera, baina gehitu du ez dela hain gaizki sentitu. Esan du emaitzak ez duelaerakusten egin duten lana.