PSE-EE-ren kongresua

Andueza: «Euskadiren liderrak izateko prest gaude»

Amaitu da PSE-EE alderdiaren IX. kongresua, Bilbon. Hitza hartu dute alderdiko idazkari nagusi izendatu berriak, Eneko Anduezak, eta Pedro Sanchez Espainiako presidenteak.

Pedro Sanchez Bilbon, gaur, Anduezari txalo egiten. JAVIER ZORRILLA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko azaroaren 21a
14:15
Entzun

«Sozialistok betidanik hartu dugu parte herri honen eraikuntzan; gure eskuekin eraiki dugu Euskadi». Sinboloz eta epikaz beteriko diskurtsoa eman du gaur Eneko Anduezak, PSE-EEko idazkari nagusi izendatu berriak, Bilboko Euskalduna Jauregian. Gaur amaitu da alderdiaren IX. kongresua.

Goizean Batzorde Betearazlea bozkatu dute, baita Biltzar Ttipia, Etika Komisioa eta Batzar Federala ere. Ekitaldian aurkeztu dituzte aurrerantzean haiek osatuko dituzten kideak banan-banan, eta txalo, besarkada eta musu artean jaso dituzte alderdikideek. Oholtzara igotzen azkena izan da Andueza, atzo agurtu zen Idoia Mendiaren lekukoa ofizialki hartuta. Atzo, Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena aurkeztu zuen Mendiak 350 ordezkariren aurrean, eta onartu egin zuten, botoen %99,4rekin.

Anduezaren hitzetan, garai berri bat hasi da gaur, eta asteburu honetan berretsi dute «euskal sozialismoa sekula baino indartsuago» dagoela. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie kongresua posible egin duten guztiei, eta jarraian eman du bere lehen diskurtsoa idazkari nagusi moduan.

Azaldu duenez, PSE-EE «Euskadiren liderra izateko prest dago, herriak merezi gaituelako». Jarraian, gehiago hitz egin du iraganaz etorkizunaz baino: behin eta berriz errepikatu du PSE dela Euskal Herriko alderdirik zaharrena, eta banan-banan gogoratu ditu ETAk hildako alderdikide guztiak.

Alde horretatik, esan du inork ez diela azaldu behar nolako euskaldunak izan behar duten: «Sozialistok Euskadi gara, eta beti hartu dugu parte herri honen eraikuntzan; gure eskuekin eraiki dugu. Norbaitek pluraltasuna arriskuan jarri nahi badu, aurrean izango gaitu», gehitu du. Ez die aipamenik egin etorkizunean osatu ditzaketen akordioei.

Amaierarako utzi ditu etorkizuneko erronkak, besteak beste, indarkeria matxistaren eta larrialdi klimatikoaren aurkako borrokak: «Gure erronka ez da mundu berri bat eraikitzea, orain duguna ez desegitea baizik», esan du.

Sanchez, Espainiaz

Ekitaldiko beste hizlaria Pedro Sanchez izan da, Espainiako presidentea eta PSOEko idazkari nagusia. Hark, nagusiki, Espainiako politikagintzari buruz jardun du. Eskerrak eman dizkio Mendiari, babesa adierazi dio Anduezari, baina, gainontzekoan, gutxi hitz egin du Euskal Herriaz.

Besteak beste, aipatu ditu azken hilabeteetan herrialdeak izan duen bilakaera, sozialdemokraziaren egoera, Espainian duten oposizioaren jarrera, pentsioak... eta alderdikideak kongresuagatik zorionduz amaitu du.

Gaur, han izan dira Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu ohia, Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohia, Concha Andreu Errioxako presidentea, eta alderdiko beste ehunka kide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.