Mendiak PSE-EEren idazkari nagusi kargua utziko du, «euskal gizartean funtsezko rola dutela erakutsita»

PSE-EE IX. kongresua egiten ari da. Eneko Anduezak hartuko du alderdiaren idazkari nagusi kargua. Idoia Mendiaren Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena onartu dute, botoen %99,4rekin.

Idoia Mendia PSE-EEren kongresuan, gaur goizean. JAVIER ZORRILLA / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko azaroaren 20a
15:40
Entzun

PSE-EE alderdiaren IX. kongresua egiten ari da asteburuan, Bilboko Euskalduna Jauregian, Hasiera berri bat lelopean. Bertan, Eneko Anduezak hartuko du Idoia Mendiaren erreleboa idazkari nagusi karguan. Aurretik, Batzorde Betearazlearen kudeaketa txostena aurkeztu du Mendiak, eta onartu egin dute, botoen %99,4rekin.

Mendiak azken zazpi urteetako lanaren balorazioa egin du: «Ekintzekin frogatu dugu gure funtsezko rola euskal gizartean. Lortu egin dugu, eta harrotasunez esan dezakegu». Eta ziurtatu du haien lanak isla utzi duela: «Euskadiko egungo proiektuak sozialisten seilua darama». Haren iritziz, lortu dute «posizio erabakigarrian egotea».

Mendiaren hitzetan, herritarrek argi dute zein den PSE-EEren iritzia «gai guztietan»: «Euskal herritar guztiek argi dute gure iritzia gai desberdinei buruz. Alderdi serioa eta sinesgarria gara. Denek ezin dute gauza bera esan». Besteak beste, Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean izan duten jarrera nabarmendu du. «Lan serioa eta sakona» egin dutela adierazi du, eta, ondorioz, denek dakitela zer pentsatzen duten: «Estatutuaren erreforma batek ezin du jaso legezkoa dena gainditzen duen proposamenik, ezta konstituzioa atzeko atetik aldatzen ahalegintzen denik ere».

Gogoan izan ditu «terrorearen biktima guztiak eta giza eskubideen urraketak jasan dituztenak», eta gaitzetsi egin du «desberdinaren deuseztapena»: «Proiektu politiko bat indarrez inposatu nahi izan zutenen bidegabekeria sakona salatu nahi dut, baita antzeko bat desagerrarazteko estatu arrazoietan ezkutatu zirenena ere. Gure oroimenean dago biktima horietako bakoitza, salbuespenik gabe». Izen batzuk aipatu ditu: Santi Brouard, Josu Muguruza, Jose Benito Sanchez, Benjamin Sancho eta Ernest Lluch.

Espainiari ere erreparatu dio Mendiak. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak iraungo du: «Luzerako daukagu Pedro Sanchez [Espainiako Gobernuko presidentea]. Legealdi honetarako eta gehiagorako».

Bihar, jarraipena

Kongresuak bihar izango du segida. Besteak beste, Batzorde Betearazlea bozkatuko dute, baita Batzorde Nazionala, Batzorde Etikoa eta Batzorde Federala ere. Gainera, Eneko Anduezak lehen hitzaldia emango du alderdiaren idazkari nagusi gisa, eta Pedro Sanchezek ere hitza hartuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.