Eusko Jaurlaritzak eta Elkarrekin Podemos-IU taldeak bilera egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 2022ko aurrekontuez berba egiteko, eta bilera amaitutakoan oso balorazio desberdinak egin dituzte han eztabaidatutakoaz. Jaurlaritzaren esanetan, EP-IUri 72 milioi euroko proposamen bat egin dio, «koalizioak planteatutako proposamenak modu zehaztean jasotzen dituena»; EP-IUk, aldiz, uste du Jaurlaritzaren proposamenak «funtsezko eta garrantzi sozialeko aldaketak ahalbidetuko lituzketen neurri nagusiak kanpo» uzten dituela.
Ekonomia eta Ogasun sailburu Pedro Azpiazuk uste du Jaurlaritzaren proposamenak aintzat hartzen dituela «Elkarrekin Podemosek bere planteamenduan sartutako politikak»; hau da, Osakidetza indartzea, emisioak kontrolatzera edo ekonomia zirkularra sustatzera bideratutako diru laguntzak, ikastetxeetan inbertsioak handitzea, Lan Ikuskaritzarako lanpostu berriak, gazteen emantzipazioa, berdintasuna, migratzaileak eta errefuxiatuak, alokairu soziala eta abar.
Zehazki, Osakidetzan 30 milioi euro gehiago inbertitzea proposatu diote EP-IUri; aho-hortzen osasun zerbitzuari eta osasun mentalari arreta berezia eskainiz; ingurumenean, zortzi milioi euro gehiago bideratzea zenbait proiektu sustatzeko; hezkuntzan, bederatzi miloi euro inbertitzea; etxebizitza arloan, diru poltsa bost milioi eurotan handitzea alokairu sozialeko etxebizitza publikoak erosteko; eta beste igoera batzuk gazteria, berdintasun, enplegu eta euskara arloetan.
Orotara, 72 milioi eurokoa da Jaurlaritzak egin dion eskaintza; horretaz aparte, Jasangarritasun Energetikoaren Funtsetik 90 milioi euro EAEko udalentzat aktibatzea ere mahai gainean jarri dute.
Oso bestelakoa da EP-IUren irakurketa. Miren Gorrotxategi legebiltzarkideak esan duenez, Gobernua «tarte txikia» uzten ari da negoziaziorako: «Ez daude prest 4.000 osasun langileren postuei eusteko, eta hezkuntzaren eremuan ere ez daude prest inklusio itunean aurrera jarraitzeko, ezta energiaren enpresa publiko bat sortzeko ere». Gorrotxategiren esanetan, Jaurlaritzak «betoa» jarri dio «egiturazko aldaketak» ekar ditzaketen gaiez eztabaidatzeari.
Esteban, baikor baina zuhur
Espainian ere 2022ko aurrekontuen inguruko negoziazio prozesua abian da. Horren inguruan, EAJk Kongresuan duen ordezkari Aitor Estebanek ontzat eman ditu orain arte lortutako inbertsioak. Edonola ere, ohartarazi du aurrekontuek «Senatuan izapide luzea» izango dutela oraindik, eta gogorarazi du zein den EAJk negoziazioetan lortu nahi duen helburu nagusietako bat: «Eztabaidatzen jarraitzen dugu akordioak lortzeko AHTa hiriburuetara sartzeko moduaz eta prozesuaz, proiektuari bultzada erabakigarria emateko. Nahiko nuke zehaztea, garaia delako. Kezkatzen gaituen gaia da».