Memoria

Agus Hernan: «Ez dugu nahi etsaiak lagun izatea, kontakizunen errespetua baizik»

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuan izan da gaur, Beatriz Artolazabal eta Jose Antonio Rodriguez Ranzekin. Jaurlaritzak dio memoriak ondorioztatu beharko lukeela «bidegabea» izan zela gertaturikoa.

Eusko Jaurlaritzako eta Foro Sozial Iraunkorreko kideak, gaur, Bilbon. FORO SOZIAL IRAUNKORRA
2021eko azaroaren 19a
14:42
Entzun

Foro Sozial Iraunkorreko Agus Hernan eta Nekane Altzelai Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu dira gaur, Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan: zehazki, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetza sailburuordearekin bildu da foroa. «Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala» prozesua partekatzeko batu dira, eta, bileraren ondotik, adierazpenak egin dituzte bi erakundeetako ordezkariek. Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko kidearen ustez, une honetan «baldintzak» daude «indarkeria zikloaren ondoren elkarbizitzaranzko urratsak» egiteko: «Pixkanaka, elkarbizitza sozial baten oinarriak jartzen ari gara». Bozeramaileak nabarmendu du kontua ez dela denak «lagun» egitea: «Ez dugu nahi etsaiak izan zirenak lagun bilakatzea, baizik eta kontakizun guztiekiko errespetua egotea, inork ez diezaion haren konbikzioei uko egin etorkizun hori eraiki ahal izateko, eta egiteko dauden eztabaidak ez daitezela utzi datozen belaunaldien esku».

Hernanek gogoratu du hiru «korapilo» daudela askatzeko, eta horiek azaldu dizkiete Jaurlaritzari —Bizikidetza demokratikorako itun sozial eta instituzionalerako oinarriak dokumentuan agertzen dira, eta hori ere eman diete—. Biktima guztiek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea izatea, euskal presoen gaia eta «memoria kritiko inklusiboa» lirateke hiru «korapilo» horiek: «Hiru erronka horiek gainditzeak aukera emango digu etorkizunean elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko, oinarri sendoen gainean», adierazi du Hernanek.

Jaurlaritzaren izenean, Rodriguez Ranzek hartu du hitza, eta adierazi du ezen memoriak, kritiko eta inklusiboa izateaz gain, «etikoa» ere izan behar duela, eta ondorioztatu behar duela, «giza eskubideen ikuspegitik», gertaturikoa «bidegabea» izan zela. Foro Sozialak emandako dokumentuak «ekarpen garrantzitsutzat» jo ditu, nolanahi ere. Ranzen ustez, «gero eta handiagoa» da «etorkizuna eraiki behar duten oinarrien» inguruko «kontsentsu soziala»: ezaugarri horien artean zerrendatu ditu, erraterako, berriro ez gertatzea, indarkeriarik eza, pertsonen duintasuna, giza eskubideen ikuspegia eta pluraltasun politikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.