Amiantoaren biktimek gero eta gertuago dute urteetan egindako borrokaren erantzuna. Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko diru sail bat onartu du amiantoaren biktimen konpentsazio funtsa sortzeko. Horretarako, 2022ko aurrekontuetan zuzenketa bat sartzea adostu dute PSOEk, Unidas Podemosek, eta EH Bilduk, koalizio subiranistak egindako proposamenean oinarrituta. EAJ akordiotik kanpo geratu da, hark ere funtsa sortzeko zuzenketa bat aurkeztu bazuen ere, bost milioi eurokoa. 2022ko aurrekontuen negoziazioan Pedro Sanchezen gobernuak talde parlamentarioekin egindako lehen akordioa da. Zuzenketak ez du aurkako botorik izan.
Funtsa sortzea aspaldiko eskaera da, Hego Euskal Herrian bereziki, baina hori arautuko duen araudia ez dago indarrean oraindik; lege egitasmo bat dago Espainiako Kongresuan, baina «blokeatuta» dago, Unidas Podemosek salatu duenez, sozialistek jarritako «trabengatik».
Diru sail bat onartu izanak, baina, ulertaraz dezake lege proiektuak aurrera egingo duela. Hala uste dute biktimen elkarteek. «Berri pozgarria da, baina lehen pausoa baino ez da. Oraingoz, inportanteena da funtsa sortzea eta martxan jartzea, eta ez horrenbeste zenbat diru erabiliko den hasieran», azaldu dio BERRIAri Jesus Uzkudun Asviamine amiantoaren biktimen elkarteko bozeramaileak.
Apirilean onartu zuen Espainiako Kongresuak funtsa sortzeko lege aurreproiektua tramitatzea, Vox ez beste talde guztien babesarekin. Pilar Garrido Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ren koordinatzaile nagusi eta Unidas Podemoseko diputatuak azpimarratu duenez, bere talde parlamentarioaren «presioa» funtsezkoa izan da PSOE «bere hasierako posizionamendutik mugitzeko» eta funtsaren sorrerari baiezkoa emateko, aurrekontuetan diru sail bat sartzea onartuta. «Guretzat funtsezkoa zen aurrekontuetan konpromiso hori jasotzea». Funtsa 40 milioi eurorekin sortzea proposatu zuen Unidas Podemosek, baina bere zuzenketa erretiratu eta EH Bilduk egindakoari batu zaio, PSOErekin batera.
EH Bilduk «historikotzat» jo du akordioa. Oskar Matute diputatuak adierazi duenez, amiantoaren eraginpean egon diren biktimak konpentsatzea «gainditu gabeko gaia zen, justizia kontua». Alderdi subiranistaren ustez, funtsak «gehiegi luzatu den bidegabekeria bat» arintzen lagunduko du.
Hirugarrenean, aurrera
Eusko Legebiltzarrak hirutan eraman du funtsa sortzeko eskaera Espainiako Kongresura; azkenekoan, talde guztien babesarekin; aurreko bi saioetan, baina, tramitazioa eten zuten Madrilen, epe eta forma arazoak argudiatuta.
Batzordean eztabaidagai dagoen egitasmoa Eusko Legebiltzarrak 2017an adostutako testu batean oinarritzen da, eta Frantziako, Herbehereetako eta Belgikako legediak ditu eredu. Proposamen horren arabera, «kalteen konponketa osoa» emango zaio amiantoak eragindako lanbide gaixotasun baten aitorpena duen pertsona orori, baita lantegiak itxi eta nori erreklamatu ez dutenei ere.
Halaber, ordaina jasotzeko aukera izango lukete amiantoaren eraginpean egotearen ondoriozko kaltea jasan dutenek ere; besteak beste, langileen arropa garbitzean edo astintzean kutsatu diren senideek eta lantegien inguruko edo ondoko auzoetan amianto zuntzak arnasteagatik gaixotu direnek.
Funtsa Gizarte Segurantzako Ministerioari atxikiko zaio, eta finantzaketa iturriak hauek izango dira: enpresarien kotizazioak, mutuen ekarpenak eta aurrekontuetako diru partidak.
Elkarteen gustukoa da egitasmoa, baina, Uzkudunen arabera, tramitazioari adi egongo dira, oraindik «gauza asko» daudelako zehazteko —finantzaketa, konpentsazioak...—, eta talde batzuek zuzenketak iragarri dituztelako; haren ustez, oztoporik handiena izan daiteke enpresek funtsa elikatzeko derrigorrezko ekarpena zehaztea, edota amiantoarekin zuzenean lan egin ez zutenei biktima izaera aitortzea; elkarteek azpimarratu dutenez, kaltetuen %20 emakumeak dira, bikotekideen arropak garbitzean arnastutako amianto zuntzengatik gaixotuak.
Uzkudunek ohartarazi du, halaber, «borrokan» jarraituko dutela lege egitasmoko edukiak bere horretan jaso eta gara daitezen, eta nabarmendu du legea indarrean egonda ere ez diotela uko egingo auzitara jotzeari biktima izaera aitortzen ez zaienen kasuetan edota kalte ordaina nahikoa ez dela irizten diotenean.
'Hiltzaile isila'
Hiltzaile isila deitu izan zaio amiantoari, eta ikusezina ere bada sarri. Zaila da jakitea zenbat pertsona gaixotu diren amiantoa arnasteagatik eta horrek eragindako minbiziagatik. Asviamie eta Adavan elkarteen arabera, Hego Euskal Herrian 15.000 lagun inguru daude amiantoarekin lan egin duten beharginen erregistroetan. 1999tik 2018ra 825 lagun hil ziren; 2019an 30 izan ziren, eta aurreikuspena da 2023tik aurrera kopurua handituz joango dela urtetik urtera, gaixotasuna hamarkada batzuk geroago agertzen baita, langileak erretiratuta daudenean.
Horrez gain, nabarmendu dute 1960-1980ko hamarkadetan egindako eraikin eta industria gune askotan dagoela amiantoa. Uzkudunen arabera, ezinbestekoa da horien mapa edo inbentarioa osatzea, kontrolatzea eta, beharrezko denean, ezabatzea. Asviamineko kideak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak gutxienez bi aldiz onartu duela inbentarioa egitea, baina salatu du erakundeek ez dutela horretarako dirurik jarri.
LABek, berriz, ohar bat kaleratu du Madrilen egindako akordioaren inguruan; haren ustez, urrats garrantzitsua da, «baina asko dago egiteko». Amiantoa «osasun publikoko arazotzat» hartzeko eskatu du, eta Osakidetzan eta Osasunbidean amiantoarekin lotutako patologiak detektatzeko eta erregistratzeko programak ezartzeko. Sindikatu abertzalearen ustez, Urkulluren eta Txibiteren gobernuek ezin dute Madrilera bakarrik begiratu. «Hemen ere premiazko pausoak eman behar ditugu, eta dagoeneko urte askotako atzerapena dugu».
Amiantoa 2001ean debekatu zuten Hego Euskal Herrian, eta 2005ean Europako Batasun osoan.