Informatika

Orain arteko prozesadore kuantikorik indartsuena aurkeztu du IBMk

'Eagle' txipak (Arrano) 127 qubit ditu, konpainiaren aurreko gailuak halako bi. Konpainiak esan du prozesadorea «mugarria» dela konputazio kuantikorako bidean.

IBMren logoa, konpainiaren eraikin batean, New Yorken. JASON SZENES / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko azaroaren 17a
19:05
Entzun

Aurrera doa ordenagailu kuantiko erabilgarriak garatzeko lasterketa. Bide horretan «mugarria» jarri duela adierazi du IBM konpainiak. Eagle izeneko prozesadorea aurkeztu du: 127 qubit ditu txipak, konpainiaren aurrekoak halako bi baino gehiago.

Konputazio kuantikoak gizakien ahalmenetan iraultza ekarriko duela esaten dute aditu askok. Aplikazio asko izango ditu: adimen artifizialerako, ingeniaritzan, finantzetan, botika berriak eta material berriak diseinatzeko... Eta horiek bakarrik aurreikusten direnak lirateke, orain irudikatzerik ez dauden aplikazioak sor daitezkeelako garatu ahala. Ordenagailu klasikoek eragindako iraultzaren adinakoa edo handiagoa eragingo dutela uste dute.

Baina zergatik izan daitezke horren indartsuak ordenagailu kuantikoak? Prozesadore klasikoak bitarrak dira; hau da, informazioa bitetan kodetzen da, eta bit bakoitza egoera zehatz batean egon daiteke: 0 edo 1, transistore bat piztuta edo itzalita egon daitekeelako. Ordenagailu kuantikoaren funtzionatzeko moduak, ordea, ez du zerikusirik horrekin: qubit edo bit kuantikoetan kodetzen da informazioa, eta horiek egoera batean baino gehiagotan egon daitezke aldi berean, une berean bizirik eta hilda egon daitekeen Schroedingerren katu ospetsua bezala.

Prozesatzeko ahalmenaren hazkuntza geometrikoa da, gainera: prozesadore bati gehitzen zaion qubit bakoitzarekin bikoiztu egiten da txiparen konputazio ahalmena. Beraz, hazkuntzaren abiada oso handia da: 2019an 27 qubiteko prozesadore bat aurkeztu zuen IBMk, iaz, 65 qubitekoa, eta, orain 127koa.

Duela urtebete albiste izan zen Googleren ordenagailu kuantiko batek lorturikoa. Konpainiaren arabera, lehen aldiz «nagusitasun kuantikoa» lortu zen. Hau da, aurrenekoz, ordenagailu batek kalkulu bat egin zuela, «ezinezkoa» litzatekeena munduko ordenagailu klasiko indartsuenarentzat. Edonola ere IBMkoek zalantzan jarri zuten Googlek lorturikoa.

«Eagle prozesadorearen etorrera urrats handia da ordenagailu kuantikoak klasikoak aplikazio erabilgarrietan gainditu duten egunerantz», esan du IBMko ikerketa buru Dario Gilek. Gaineratu duenez, konputazio kuantikoak ahalmena du gizarteko ia alor guztiak eraldatzeko, eta «geure garaiko arazorik handienei aurre egiten laguntzeko».

Interes komertzialekin loturiko adierazpen arranditsuez harago, konputazio kuantikoa «iraultza isila izango da», esan zion BERRIAri Roman Orus ikertzaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.