Parisko Zigor Auzitegiko epaileak ebatzi du ez dagoela frogarik 2003an eta 2005ean Egoitz Urrutikoetxea ETAko kidea izan zela errateko. Bi urteko presondegi zigorra eman dio, hala ere, ezker abertzaleko kideari, betetzeko beharrik gabe. Epailearen iritziz, frogatua gelditu da Urrutikoetxeak ETArekiko sinpatia zuela, eta garai hartan etakideekin harremanetan izan zela. Elementu horiek aski izan zaizkio gaizkile elkarteko kide izateagatik erruduntzat jotzeko. Orain, zigorrak ezartzeko epailearekin izanen du orain Urrutikoetxeak; haren deialdietara joan beharko du urte batez, eta lanean edo ikasten ari dela frogatu beharko du. Azkenik, Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan ez sartzea erabaki du epaileak.
Ulertu ezina eragin lezake epaitegiaren erabakiak. Hain zuzen ere, Urrutikoetxea ETAko kide izan ez bazen, zer erakundetako kide izateagatik ebatzi dute gaizkile elkarteko kide izan zela? «Nik ere ez dut ulertzen», erantzun du, ironiaz, Laurent Pasquet-Marinecci defentsako abokatuak. «Epaitegiak erran du ezin dela frogatutzat eman garaian ETAko kide izan zela; beraz, judizialki ez da ETAko kidea. Baina akusazioen garaian erakunde armatuarekiko sinpatia zuela ebatzi du epaileak, eta ETAko kideekin eta arduradunekin harremanetan egon zela. Hori da argumentua gaizkile elkarteko kide izan zela errateko», esplikatu du. «Biziki analisi arriskutsua da. Atea irekitzen dio edozein gehiegikeriari; ez gara pentsamenduaren poliziatik urrun. Ideologia da».
Adibide bat eman du: «Demagun kazetari bat, edo ikerlari bat, erakunde armatu batetiko sinpatia duena, eta erakunde horretako kide batzuekin harremanean dena. Erabaki honen arabera, gaizkile elkarteko kide izateagatik zigortzen ahalko lukete». Sinpatiarena «biziki nozio lausoa» dela azpimarratu du. «Egoitz Urrutikoetxea ez dute zigortu egin duenagatik, izan denagatik baizik», ondorioztatu du. Ildo beretik jo du Urrutikoetxeak berak ere, eta «kezkagarria» dela erran du: «Bide bat ireki dute». Hala ere, erabaki «positiboa» dela erran du, prokuradorearen eskaria erdira jautsi duelako epaileak, eta ez dutelako Fijaiten sartu.
EH Baik, ohar batean, deitoratu du Urrutikoetxearen auziaren gisakoek bere horretan segitzea Aieteko Adierazpenaren hamargarren urteurrenean. «Aietek bidea ireki zion Euskal Herrian gatazka armatu baten baldintzak gainditzeko sekuentziari, eta sekuentzia horretan irekiak diren prozedura judizialek lagungarriak izan behar dute euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko urratsakegiteko. Ez militante politikoak kartzelatzeko mehatxuak». Azpimarratu dute Urrutikoetxea zigortu egin dutel, kartzelatuko ez badute ere. «Eskatzen dugu bertan behera gera daitezela haren aurkako prozedura judizial guziak, eta, bide beretik, Parisi eta Madrili zuzentzen gatzaizkie, eta eskatzen diegu Euskal Herrian irekia den fasearen aldeko urratsak egin ditzatela».
Otsailean dei auzitegian
Joan den urriaren 8an eta 9an epaitu zuten ezker abertzaleko militantea, 2003 eta 2005 artean ETAko kide izatea eta «helburu terroristak» zituen gaizkile elkarte bateko kide izatea leporatuta. Terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak adierazi zuen ez ziola «zentzurik ikusten» Urrutikoetxea kartzelan sartzeari, baina haren kontrako akusazioak funtsatuak direla kontsideratuta, lau urteko kartzela zigorra eskatu zuen haren kontra, betetzeko beharrik gabe. Laure Heinich eta Laurent Pasquet-Marinacce defentsako abokatuek salatu zuten «ezdeusak» zirela aurkeztutako elementuak, eta ez dagoela «inolako zantzurik» frogatzeko Urrutikoetxea etakide eta gaizkile elkarteko kide izan zela; errugabetzat jotzeko eskatu zuten.
Joan den urrikoa ez da Egoitz Urrutikoetxeak Parisen duen afera judizial bakarra. Heldu den otsailean ere epaitzekoa dute Parisko Dei Auzitegian. 2005ean ETArekin harremana izatea leporatzen diote.