COP26ko akordioan ez dute jaso ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria

Indiak azken orduan egindako eskariarengatik aldatu dute testua. Herrialdeei eskatzen diete 2030erako aurreikusita zituzten isurketa helburuak «gainbegiratzeko eta sendotzeko»

Aloks Sharma COP26ko presidentea, gaur, akordioa onartua izan aurretik. ROBERT PERRY / EFE
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 13a
21:40
Entzun

Akordioa bozkatua izan aurretik egindako osoko bilkuran azkena hitz egiten izan da Alok Sharma. «Testua inperfektua da», nabarmendu du, gaur, NBE Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko Glasgown (Eskozia) urriaren 30etik aurrera eramandako COP26 goi bileraren presidenteak. «Baina adostasuna eta babesa dago. Erantzuten dio [testuak] helarazi dizkiguten espektatiba eta lehentasunei». Ez zekien, ordea, zer gertatuko zen ordubete pasa geroago, akordioa bozkatua izan aurretik. Indiako ordezkariak eskaera bat egin du: itunak jaso zezala ikatza energia iturri gisa «pixkanaka murrizteko» eskaria, eta ez, idatzita zegoen bezala, «erabiltzeari uzteko eskaria». Bi formulazioen arteko aldea handia da, argi dago. Hainbat herrialde haserre agertu dira eskariarekin, eta Sharmak adierazi die ulertzen zituela. «Ulertzen dut zuen atsekabea, baina ezinbestekoa da neurri sorta hau babestea». Eta handik gutxira amaitutzat eman dute COP26, neurri zehatzegirik gabeko akordio batekin.

Ordubete lehenago bozkatua izan zain zegoen akordioarekin alderatuta aditz bat aldatu zuten azkeneko itunean. Eta hori ulertzeko aintzat hartu behar da Txina eta India munduko herrialderik industrializatuenetakoak direla, eta bien artean munduan kontsumitzen den ikatzaren %65 erabiltzen dutela.

Azken orduko aldaketa esanguratsu hori kenduta, itunean ez dago azken egunetan plazaratutako zirriborroekin konparatuta alde handiegirik. Baina badira berritasun gehiago. Izan ere, herrialdeei eskatzen die 2030erako aurreikusita zituzten CO2 isurketen helburuak «gainbegiratzea eta sendotzea» 2022an —aintzat hartuta «herrialde bakoitzaren baldintzak»—, 2050erako deskarbonizazioa lortze aldera. Itunean jasotakoek helburu dute, 2015eko Parisko Hitzarmenean zehaztu moduan, XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago, industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta.

Erresuma Batuak goi bileraren anfitrioi bezala atzo aurkeztu eta proposatutako testuak jaso zuen ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria —gero aldatua izan dena—. Eta artikulu horretan bada nobedaderik: galdegiten du karbonoa xurgatzeko sistemarik erabiltzen ez duten ikatz azpiegiturak alboratzeko, eta «eraginkorrak» ez diren erregai fosilentzako diru laguntzak amaitzeko, baina «trantsizio bidezko bat egiteko laguntzaren beharra» aitortuz. Hau da, sektoreari laguntzak emango dizkiotela, birziklatu dadin, nolabait esatearren. Nolanahi ere, aintzat hartu behar da akordioan jasotakoak ez direla lotesleak.

2030erako karbono dioxidoaren isuriak %45 murriztu eta «mende erdialde ingururako» karbono neutraltasuna lortzeko helburua ere jaso du akordioak, argitaratutako lehen zirriborroan bezala.

Finantzaketa

Garabidean dauden herrialdeei eman beharreko diru laguntzak ezinbestekoak dira helburu horiek erdiesteko, eta itunean onartzen dute herrialde horiek klima larrialdiak eragindako kolpeei erantzuteko eta egoera berrira egokitzeko herrialde aberatsen aldetik jasotzen duten finantzaketa ez dela aski. Hori dela eta planteatzen die herrialde aberatsei, 2019ko kopuruekin alderatuta 2025erako bikoiztu dezatela, «gutxienez», garabidean dauden herrialdeentzako finantzaketa. Horren harira, eskatzen die «garapenerako bankuei, beste finantza instituzioei eta sektore pribatuari», lagundu dezatela finantzaketa «hobetzen». Joan den azaroaren 3an, goi bilera hasi eta gutxira, deskarbonizazioa finantzatzeko konpromisoa hartu zuten 45 herrialdetako hainbat kreditu instituzio pribatuk.

197 herrialdek parte hartu dute COP26an, eta gaur, herrialde horietako bakoitzeko ordezkariak osoko bilkuran haien iritzia ematen ari zirenean, Frans Timmermans Europako Batzordearen presidenteordeak ere hitza hartu du. «Jainkoarren! Ez ezazue momentu hau hil! Onartu ezazue testu hau, gure seme-alaben eta biloben bihotzetara itxaropena eramateko. Gure zain daude. Ez digute barkatuko huts egiten badiegu». Horrela mintzatu da, apur bat lehenago Txinako ordezkariak akordioari buruzko zalantzak plazaratu dituelako.

G77+Txina taldeko herrialdeak, munduko hego hemisferiokoak, gehiengoa ziren goi bileran —130 egon dira ordezkatuta—, eta talde horretako potentzietako bat da, hain zuzen, India. Iran ere talde horretako kide esanguratsuenetako bat da, eta haren ordezkariak bileran azpimarratu du «erregai fosilen erabilera» beharrezkoa dutela «ekonomia garatze aldera». Ikatza erregai fosil bat da.

Akordioaren berri eman eta berehala iritsi dira aurreneko erreakzioak. Greepeaceko zuzendari Jennifer Morganek ohar batean adierazi zuenez, hitz bat aldatu dute azken unean, baina ezin dute kendu goi bilerak bidalitako seinalea: «ikatza bukatzen ari dela». Hori «inportantea» iruditzen zaio. Laurence Tubiana Parisko Itunaren egile eta Klimarako Europako Fundazioko zuzendaria pozik agertu da, iritzita Parisko Hitzarmenean jasotakoak «funtzionatzen» ari direla eta ikatza testuan dagoela. «Baina asko dago egiteko».

COParen hurrengo aldia, 27.a, Sharm El Sheikhen (Egipto) dira egitekoak, 2022an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.