Mendia

Ehunmiliak mendi lasterketan izena emateko aukera gaur irekiko dute, 17:00etan

Bi urteko etenaldia izan eta gero, Ehunmiliak mendi lasterketaren 11. ekitaldia jokatuko da uztailean. Goierriko Bi Handietan eta Marimurumendi Maratoian izena emateko aukera ere izango da.

Duela bi urte jokatu zen azken aldiz Ehunmiliak. Irudian, korrikalari andana irteeran. IÑAKI ERAUSKIN
Unai Ugartemendia.
2021eko azaroaren 11
00:06
Entzun

Bi urteko etenaldia egin eta gero, mendi lasterketetako egutegira itzuliko da berriro ere Ehunmiliak. Iaz eta aurten, pandemiagatik jokatu gabe gelditu zen proba, baina datorren urterako berriro ere gogo biziz azaldu da antolakuntza taldea. Gaur irekiko da izena emateko aukera, 17:00etatik aurrera, lasterketaren webgunean.

2010az geroztik urtero jokatu izan ohi da Beasainen (Gipuzkoa) proba erraldoia, eta Euskal Herriko mendi korrikalarien artean lasterketa ezagun bihurtu da jada. Datorren urtekoa uztailaren 8an, 9an eta 10ean jokatuko da. Mikel Valdibielso lasterketaren zuzendari teknikoa da, eta irrikaz dago. «Gogotsu gaude jakiteko jendeak zer erantzun emango duen. Azkenekoz izen emateak ireki genituenean, dortsal guztiak amaitu ziren. Baina bi urte dira jada jokatzen ez dela, eta ez dakigu oraingoan nolako harrera izango duen».

Valdibielsok aipatu bezala, iazko aldirako izen emateak bukatu egin ziren, baina, jokatu ez zenez, korrikalari guztiei dirua itzultzea erabaki zuten. Zergatiagatik galdetuta, ez du zalantzarik egin: «Guretzat, aldia amaitzean dena amaitzen da. Orduan, erabakia argia izan zen: denei dirua itzuli, eta kito! Aurten berriz denek aukera bera izango dute izena emateko». Bidezkoena iruditzen zaie.

Datorren urtean ere hiru proba izango dira jokoan; Ehunmiliak (168 kilometro eta +11.000 metro), Goierriko Bi Handiak (88 kilometro eta +6.000 metro) eta Marimurumendi maratoia (42 kilometro eta +2.300 metro). Azken urteetan izen emateek izan zuten gorakada kontuan hartuta, Valdibielsok dortsal guztiak bukatuko diren itxaropena du. «Ia ziurra da G2H eta Marimurumendi lasterketetan hala izango dela, eta Ehunmiliekin zalantzak ditugu. Egun berean lasterketa berri batzuk ere badaude».

BERRIAk dortsal bat zozkatuko du

BERRIAk lankidetza hitzarmen bat sinatu du Ehunmiliekin, eta, horri esker, dortsal bat zozkatuko du. Irabazleak hautatuko du zein probatarako nahi duen dortsala. Kontuan izan behar da gaur hasiko dela probarako izena emateko epea, 17:00etan, eta orain dela bi urte dortsal guztiak amaitu zirela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.