Euskara

Migrazioen eta harrera linguistikoaren inguruko jardunaldia egingo du bihar Soziolinguistika Klusterrak

Euskara biziberritzeko ikerguneak migrazio mugimenduek azaleratzen dituzten erronkei «arrakastaz erantzuteko gakoak» identifikatu nahi ditu Iruñean egingo duen egun osoko jardunaldian. Gaian adituak eta arituak ariko dira hizlari.

Hitzaldi bat V. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren barruan, Donostiako Eureka zientzia museoan. JUAN CARLOS RUIZ / FOK
Julen Aperribai.
2021eko azaroaren 10a
12:38
Entzun

Migrazioaren eta hizkuntzaren arteko harremana aztergai izango dute bihar Iruñeko Baluarte jauregian, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako Euskal Soziolinguistika Jardunaldian. Gaiak egun duen eta aurrerago ere izango duen gaurkotasuna azpimarratu dute antolatzaileek: «Fenomeno berria ez den arren, atzerrian jatorria duen biztanleriaren proportzioa hazten ari da, eta hurrengo urteetan gehiago haziko dela aurreikusten da». Migrazio mugimenduekin askotariko «egoera sozial, ekonomiko eta politikoak» azaleratzen direla azaldu du Klusterrak, eta horiei heltzearen garrantzia azpimarratu du: «Aurreikusi gabeko konplexutasuna kudeatzea ezinbestekoa izango da euskararen biziberritze-prozesuan gizarteak aurrera egin dezan eta kulturen eta hizkuntzen arteko errespetuan eraikitako gizarte kohesionatua bideratu dadin».

Erronka horri «arrakastaz erantzuteko gakoak identifikatzeko saiakera» egingo dute bihar, erakundearen arabera, eta, horretarako, «gaia ikuspegi desberdinetatik lantzen duten pertsonak» elkartuko dituzte. «Adituen zein arituen arteko iritzi trukerako guneak» sortu nahi dituzte antolatzaileek, eta, besteak beste, demografia, gizarte ikerketa, hezkuntza eta politika publikoen ikuspegitik gaiari begiratu.

Goizez eta arratsaldez izango dira hitzaldiak eta mahai inguruak, eta horietan hizlari arituko dira, besteak beste, Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzailea, Eguzki Urteaga soziologoa, Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea eta Amelia Barquin Huheziko irakaslea. Migrazioaren eta hizkuntzaren arteko harremanak Kataluniak izandako bilakaeraren eta egun dituen erronken inguruan arituko da, berriz, Eunice Romero Generalitateko Migrazio, Babes eta Antiarrazismo zuzendaria, arratsaldean. Egitarau osoa ikusgai dago Klusterraren webgunean. Presentzialki nahiz streaming bidez ikusi ahalko dute saioa izena emana dutenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.