Eusko Jaurlaritzaren 2022rako aurrekontuak negoziatzeko lehen bilera sorta egiten ari da gaur Eusko Jaurlaritza oposizioko alderdi politikoekin. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburua PP+Ciudadanos koalizioko ordezkariekin batzartu da 09:30ean, eta Elkarrekin Podemos-IUkoekin elkartu da ondoren. EH Bildu izango da bilera sortako azkena.
Azpiazuk, ordea, argi utzi nahi izan ditu balizko akordio baten mugak. Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa batean, Azpiazuk nabarmendu du fiskalitatea ez dagoela negoziatzekoen artean: «Iritsiko da unea. Orain, aurrekontu honetarako baliabideak dauzkagu».
Azpiazuren hitzetan, «Euskadiko fiskalitate maila ona da, eta enpresen jarduera bultzatu egiten du». Alderdiekin egingo duen lehen bilera sorta izango da gaurkoa, eta, Azpiazuren esanetan, balioko du ezagutzeko alderdi bakoitzak zer jarrera duen aurrekontu proiektuaren inguruan eta zer eskatzen duen. Jaurlaritzak «ahalegina» egingo du alderdien ekarpenak jasotzeko, betiere «aurrekontuen eta eskumenen markoaren barruan».
Lehen bileraren ostean, PP+C's koalizioko buru Carlos Iturgaizek azaldu du aurrekontuak negoziatzen jarraituko dutela, baina zergak apaltzea nahi dutela: «Eduki daitezke gastu gehiago eta zerga gutxiago».
Jaurlaritzak bermatuta dauka kontuen onarpena, EAJk eta PSE-EEk gehiengo absolutua baitaukate Eusko Legebiltzarrean. Iaz, Jaurlaritzak Elkarrekin Podemos-IUrekin negoziatu zituen kontuak nagusiki, baina ez ziren ados jarri, eta Jaurlaritzako alderdiek baino ez zuten babestu 2021erako proiektua.