2010. urtetik urtero azaroaren 10ean egin ohi den moduan, Memoriaren Eguna ospatu dute gaur ere Hego Euskal Herriko hainbat eragilek eta erakundek. Ekitaldi nagusia Donostian egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Gogora institutuak, eta biktimak omentzeaz gain, aitortu dituzte bakearekin konprometitutako pertsonak eta mugimenduak ere.
Lehenik, Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak hitz egin du han: «Terrorismoa eta indarkeria politikoa erabat bidegabeak izan ziren; ez zuten inolako zentzurik gure herrian». Elkartasuna adierazi die «ETAren biolentzia jasan zuten pertsonei eta haien familiei, nahiz bestelako bortizkeria eta urraketak jasan zituzten herritarrei eta haien gertukoei». Etorkizunera begira, berriz, biktimen memoria zaintzea ezinbestekoa dela esan du.
Jarraian, Gogora-k ekoitzitako bideo bat jarri dute, eta oroigarriak eman dizkiete iraganean bakearen aldeko mugimenduetan «aktiboki» parte hartu zuten pertsonei.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak hartu du hitza gero: «Iraganari orainetik begiratzen diogu, etorkizun hobea eraikitzeko». Nabarmendu du euskal gizartearen «gehiengo zabal batek duen konpromiso zibikoa terrorismoaren aurrean eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde». Gainera, eskerrak eman dizkie «ehunka mila pertsona anonimori isiltasunarekin ahotsa altxatuz edo lazo urdina eramanez ETAren, indarkeriaren eta terrorismoaren amaierarako ekarpen erabakigarria» egin zutelako.
Ia denak
Aurretik, goizean, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean egin duten ekitaldian bildu dira ganberan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak, PP+C's eta Vox izan ezik. Beste ekitaldi bat egingo dute haiek.
Legebiltzarreko ekitaldia iragan urteetakoaren antzekoa izan da: eraikinaren sarreran dagoen Gauerdiko iparrorratza eskulturaren parean lore eskaintza egin dute, eta haren alboan suontzi bat piztu dute. Minutu bateko bi isilune egin dituzte, eta Agur jaunak eta andreak ereserkia ere entzun dute.
Ordezkari politikoak soilik bildu dira han: Urkullu, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea, eta EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariak. Han izan dira hainbat sailburu eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere. Legebiltzarreko ateak irekita egongo dira egun osoan, nahi duen orok lore eskaintza egin dezan.
Amaitutakoan, PSE-EEko kideek egin dituzte adierazpenak. Eneko Anduezak esan du gaur gogoan dituztela «terrorismoaren biktimak, baita polizia gehiegikeriarenak ere», eta esan du memoria ezinbestekoa dela: «Bestela irudituko zaigu hemen ez dela ezer gertatu». Idoia Mendia lehendakariordeak adierazi du ez duela azalpenik «ETAk eragin zuen bidegabeko minak, ezta beste terrorismo batzuek eta poliziaren gehiegikeriek eragindakoak ere».
Salbuespen politikaren biktimak
Etxeratek, berriz, Legebiltzarraren kanpoaldean egin du elkarretaratzea, eta «salbuespen politikak eragindako biktimak» gogoratu ditu. Bizikidetzan aurrera egiteko «sufrimenduaren berdintasun morala» aldarrikatu du elkarteak, eta kontakizun bakarraren aurka egin du. Elkarretaratzean izan dira EH Bilduko hainbat ordezkari, tartean Maddalen Iriarte legebiltzarreko bozeramailea.
Patricia Belez bozeramaileak azaldu duenez, euskal presoen senideak eta lagunak minduta daude erakundeek eman dieten tratua dela eta: «Oraindik ez dute aitortu salbuespenezko espetxe politika anker baten eraginez bizitza galdu duten presoen eta haien senitartekoen mina». Salatu du azken urteetan pausoak atzerantz ematen ari direla, eta gaiaren inguruko «eztabaida lasai bat» eskatu du.
Indarkeriaren biktima batek edo bestek ere egin ditu adierazpenak. Maria Jauregik, adibidez, biktima guztien eguna dela gogorarazi du, eta «gertatu den guztia ezagutzeko eskubidea» dutela aldarrikatu. PPri eta Voxi ere zuzendu zaie: «Noiz elkartuko ote dira?», galdetu du, Eusko Legebiltzarreko ekitaldiari erreferentzia eginez.
Gaur, azaroak 10, indarkeria ezberdinek eragindako biktimen memoria eguna da, guztiena. Gertatu den guztia ezagutzeko eskubidea dugu, eta horrek balio dezala ez ahazteko; baina nagusiki, ez errepikatzeko. #Memoria#Bizikidetza#GizaEskubideak#MemoriarenEguna#Azaroak10
— Maria Jauregi (@MJauregiLasa) November 10, 2021