Literatura

Irati Jimenezek 'Begiak zabalduko zaizkizue' saiakera kaleratu du

Literaturari eta euskal letren sistemari buruzko gogoetak jaso ditu bertan, arazoez ohartaraziz eta aterabideak proposatuz. Elkar etxeak argitaratu du.

Irati Jimenez idazlea, gaur goizean, 'Begiak zabalduko zaizkizue' lana eskutan hartuta, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz.
2021eko azaroaren 9a
19:52
Entzun

Genesian, sugeak Evari esaten dio jainkoak gezurra esan diela, ez direla hilko sagarra jaten baldin badute: «Begiak zabalduko zaizkizue, eta dena ikusteko gai izango zarete». Irati Jimenez idazlearen ustez, literaturak badu irakurlea ernarazteko gaitasun hori, «lagun dezake errealitatea ikusten». Horregatik jarri dio Begiak zabalduko zaizkizue izena literaturari buruz «maitasunez» eta «pasioz» idatzi duen liburuari. Elkar etxearekin eman du argitara.

Liburua zera da, Xabier Mendiguren editorearentzat: «Altxor bat, mirari bat eta maitasun adierazpen bat; bere bikotekideari, euskal letrei, literaturari, irakurleei eta idazleei, literaturaren zeremonian parte hartzen duten guztiei». Jimenezek 280 orrialdeko saiakera mardul batean bildu ditu azken urteetan idatzitako gogoetak; literaturari buruz, orokorrean, eta euskal letren sistemari buruz ere bai, haren azterketa kritiko bat egin baitu. «Baina kritika egiteko moduan bereizten da gurean ohi den estilotik», Mendigurenen ustez. «Normalean oso ozpinduta aritzen gara, eta Irati, berriz, maitasunez ari da, sutsu, eta esanez: ‘Ez, ez, hau konpondu egin behar dugu’».

Literatura irakurketa dago liburuaren sorburuan, jakina: literatura onarena eta txarrarena. Izan ere, Jimenezek azaldu du «gaizki idatzitako era guztietako testuak» irakurtzeko afizioa izan zuela bolada batean, eta horrek balio izan ziola bere buruari galdetzeko zerk funtzionatzen zuen eta zerk huts egin; zer den ondo eta gaizki idaztea.

Horren ondoren, beste muturrera jo du. «Momentu txar batzuk pasatu nituen laguntasun bat apurtu zelako, eta ez neukan gogorik testu eskasak irakurtzeko; kontrakoa, literaturak ase zidan nik neukan edertasun eta laguntasun egarria», azaldu du.

Liburua lau atal nagusitan dago banatuta, eta eranskin bat, bibliografia bat eta izenen aurkibide bat ditu amaieran. Hor ageri diren izenek balio dute liburuak proposatutako bidaiak izango dituen geldialdi batzuk imajinatzeko: aipamen asko dituzte Charles Baudelairek, Miguel de Cervantesek, Raymond Chandlerrek eta Rainer Maria Rilkek, besteak beste; baita Gabriel Arestik, Axularrek, Harkaitz Canok eta Joseba Sarrionandiak ere.

Horiez gain, Jorge Manriqueren poesia lirikoa, Joxe Austin Arrietaren Abuztuaren 15eko bazkalondoa, Mikel Hernandez Abaituaren Narrazio tailerra, Jose Martiren diskurtsoak eta Txomin Agirreren sermoiak aipatu ditu idazleak. Horiek guztiak ageri dira liburuan.

Arazoak eta aukerak

Liburua bera nola sortu duen kontatu du Jimenezek lehen zatian, hipotesi bat jarrita mahai gainean: «Momentu baxu batean gaude sorkuntzari eta beste hainbat gaitz historikori dagokienez». Hor ohartarazi du literatura, irakurleak konkistatu beharrean, irakurleak galtzen ari dela. «Uste dut arazoa ez dela inolaz ere konponezina, eta arazoak ditugula onartzea bera dela dagoen erresistentziarik handiena».

Bigarren atalak Hotz egiten du euskal literaturan du izena. Euskal literatura garaikidearen analisi edo diagnostiko bat egin du egileak, eta, aurretik aurkeztutako hipotesian sakonduz, arazoetako batzuk azaldu ditu: irakurleen galera, zer eratako literatura egiten eta prestigiatzen den, zer eratakoa ez den egiten... Euskaldunen ustezko «hoztasunaren» bidez adierazi du hori: «Arazo historiko ebidenteengatik, ez gara munduko komunitaterik irekiena; pudorea daukagu, eta hori da gure literatura».

Literaturari orokorrean heldu dio hirugarren zatian. «Asko hitz egiten dugu literaturaz, baina batere ez dugu hitz egiten literaturaz». Jimenezen ustez, literatura ez zaie esplikatzen ez irakurleei ez idazleei. «Gaizki ikusita dago ikasten egotea, kalera jakinda atera behar duzu. Idazleok autodidaktismo basati batera gaude behartuta, inork ez dizulako esplikatzen nola idazten den».

Zati horretan azalpen praktiko batzuk eman ditu: zer den denbora literarioa, narratzailea, autofikzioa, egia, egiantza, sinesgarritasuna, dialogoak... Irakurleei hitz eginda, zuzenean.

Izan ere, errespetuz hitz egin nahi du irakurleez. «Irakurleei etengabe esaten zaizkie haiei buruzko gauza oso itsusiak; euri fin bat erortzen da haien gainean egunero». Asko saltzen diren liburuak txarrak diren ustea kritikatu du, esaterako: «Munduko libururik itzuliena On Kixote da; beraz, hori ez da posible».

Liburuko laugarren zatian, aurretik azaldutako arazoei aurre egiteko moduak proposatu ditu. Zer behar du gure literaturak? izena eman dio atalari. «Horrelakoetan kritika aipatzen dugu, izango ez bagenu bezala, eta uste dut izan badugula, ez dakidana da ondo egindakoa den; sormena, adibidez, ez da aipatzen, bermatuta balego bezala, baina ez dago bermatuta, eta sormena sortzea zaila da». Berdin umorearekin; haren falta sumatzen du: «On egingo liguke».

Liburuaren kumeak

Jimenezek beste liburu bat aurkeztu zuen joan den urrian: Ogia eta zirkua, Harkaitz Canoren Neguko zirkua liburuko ipuinei buruzko saiakera bat. Anbizio handiagoko liburu honetatik sortutako kume bat da hura, idazlearen ustez, baita Deabruaren eskola ataria ere. Elkarrekin irakurtzeko ariketa bat proposatu nahi izan die irakurleei.

Gainera, hilaren 19an, emankizun bat egingo du Literaktum jaialdian: «Entzuleak konbentzitu nahi ditut euskal literatura, begirada aldatzen baldin badugu, ez dela urrun eta aspergarria, baizik eta literatura apasionante bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.