Memoria

Eusko Jaurlaritza: «Memoriaren Eguna aukera paregabea da biktimen tokian jartzeko»

Bihar Memoriaren Eguna izango dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte. ETAren biktimak gogoan izan dituzte gaur Irunen (Gipuzkoa).

Biktimen aldeko lore eskaintza Eusko Legebiltzarrean, 2019.urtean. JUANAN RUIZ/ FOKU
edurne begiristain
2021eko azaroaren 9a
14:32
Entzun

Memoriaren Eguna izango dute bihar Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarrak 2010ean erabaki zuen azaroaren 10a «terrorismoaren biktimak oroitzeko eta omentzeko» Memoriaren Eguna izendatzea. Data hori aukeratu zuen, hain justu, ez alde bateko eta ez besteko biktimarik egon ez den eguntzat jotzen delako. Ordutik, erabateko batasunik gabe gogorarazi izan da egun hori, bereziki ETArenak ez diren gainerako biktimak gogoratzea alboratu duelako PPk.

Memoriaren Egunaren bezperan, gaia ahotan izan dute gaur hainbat erakunde eta alderditako ordezkariek. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak azpimarratu du garrantzitsua dela guztiek gogoraraztea Memoriaren Eguna, «denak batera edo nork bere aldetik, baina ospatzea». Zupiriaren iritziz, biharko data «aukera paregabea» da biolentziaren biktimen eta haien familien tokian jartzeko. Indarkeria guztien biktimak aintzat hartzeko eta haien tokian jartzeko eguna dela zehaztu du, hori delako modua haiek pairatutako egoera «ilegitimoa eta bidegabea» ulertzeko eta jasandako «sufrimenduarekin eta saminarekin» elkartasuna agertzeko.

Bestalde, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko EAJko presidenteak adierazi du Memoriaren Eguna lagungarria dela bizikidetza eraikitzen jarraitzeko. Bide horretan, autokritika egitea ezinbestekoa dela esan du Atutxak: «Aitortu beharko da kasu batzuetan ez ginela egon egoerak eskatzen zuen mailan». Ildo horretan, salatu du EH Bilduk ETAren biolentzia gaitzesten ez duen bitartean ezin izango dela bizikidetza normalizaturik erdietsi. «Pertsona bakoitzak autokritika egin beharko du, baina alderdi politikoek are gehiago», gaineratu du.

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezkoa
Bihar, hainbat ekitaldi instituzional egingo dira biktimen alde, baina gaur Espainiako Gobernuak eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroak elkarrekin gogorarazi dute eguna Irungo Udaletxean (Gipuzkoa). Ekitaldian, protagonismo osoa eman nahi izan diete «terrorismoaren biktimei», baina, bereziki, ETAren biktimei. Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak gogora ekarri du urteetan biktima izatea «estigma» bihurtu zela, eta Memoriaren Egunarekin zor hori kitatu nahi dela: «Euskal herritar horien guztien ausardia eta kemena omendu eta aitortu nahi ditugu, demokrazia eta Zuzenbide Estatua babesteko mehatxuak eta xantaia pairatu zutelako».

Bestelako ekitaldirik ere egongo da bihar Memoria Eguna gogorarazteko; nagusia Gogora Institutuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute, Donostian. Ekitaldian, bakearekin konprometitutako pertsonak eta mugimenduak aitortuko dituzte. Eusko Legebiltzarrak, berriz, Gauerdiko iparrorratza eskulturaren pareko suontzia piztuko du goizean, eta biktimei gorazarre egingo diete. Ekitaldian izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, gobernuko sailburuak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea eta legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.