Ereindako uztak emanen du lorerik. Urteetako ahaleginaren ondotik, bosgarren kolegioa izanen du Seaskak. Senperen (Lapurdi) hartuko du leku. Bart jakinarazi dute lorpena: Senpereko Udalak 10.000 metro karratuko lursaila proposatu dio Seaskari; hantxe eraikiko dute kolegioa. Hain zuzen, Seaskak helburu horrekin antolatu zuen Herri Urrats ikastolen jaia joan de maiatzean: bosgarren kolegio bat sortzea zuten desio eta premia. Lau kolegio dituzte zabalik gaur egun, eta eskaintza zabaldu beharra nabaritu dute aspaldi, ez baita ikasle guztiak hartzeko toki askirik. Iragarri dutenez, Senpereko kolegioan 200 ikasle inguruk ikasten ahalko dute. Data bat ere jakinarazi dute: 2023. urtearen hasierarako nahi dituzte ateak ireki.
Bosgarrena eraikitzea giltzarri izanen da Ipar Euskal Herrian euskarazko hezkuntza hauspotzeko eta eskaria asetzetik hurbilago egoteko, ikasgeletan kabitu ezinik baitira orain. Urteak dira horretarako pausoak ematen ari direla, eta, horregatik, urrats handia izanen da Senperekoa. Iazko udaberrian bukatu zituzten Larzabaleko (Nafarroa Behera) Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa berritzeko lanak, 2013an handitu zuten Kanboko (Lapurdi) Xalbador kolegio historikoa, eta 2017an ireki zuten Estitxu Robles Arangiz kolegioa Baionan (Lapurdi). Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa da laugarrena. 300 ikaslerentzat pentsatua da, baina 329 ditu gaur egun.