Eusko Legebiltzarreko Kultura batzordean egin dute agerraldia gaur arratsaldean Pantailak Euskaraz taldeko ordezkariek. Testuingurua eman dute lehenbizi, eta azaldu dute ikus-entzunezko kontsumoa asko aldatu dela azkeneko urteetan. «Euskaldunon %47k kontsumitzen ditugu streaming bidezko plataformak, eta 20-24 urte arteko gazteen %75ek. Baina plataforma horietan euskaraz zenbat film daude? Netflixen, hiru. Disney Plusen, 0. HBO Maxen, 0. Eta Amazonen, bi». Telesailik euskaraz ezin da ikusi horietan guztietan. Ondorioa argia da: «Gazteen erreferenteak erdaldunak dira. Zinema aretoetan ere egoera larria da, emanaldien %1 baino ez baitira euskaraz». Kezkaz mintzatu da Aginagalde: «Larrialdi egoera batean gaude. Uste dugu lotuta dagoela egoera hori euskararen kale erabilerarekin. Puntu bat baino gehiago galdu da euskararen erabilera kalean. Benetan premiazkoa da aisialdian pausoak ematea».
Pantailak Euskaraz taldeak aldarrikapen taula bat sortu zuen, euskalgintzako eta ikus-entzunezko sektoreko beste eragile batzuekin. Honako hauek dira aldarrikapen nagusiak: Euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa sendotzea; EITB indartzea eta euskararen normalizaziorako tresna bihurtzea; euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea; streaming plataforma nagusietan euskararen presentzia legez bermatu eta areagotzea; zinemaren lege propioak sortzea; bideo jokoetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea; Interneteko sortzaile plataformetan euskararen presentzia bermatu eta sustatzea; ikus-entzunezkoen lege propioak sortzea; ikus-entzunezkoen kontseilu propioak sortzea; eta Espainiako eta Frantziako kate publikoek edukiak euskaraz ere eskaintzea.
Aginagaldek zera nabarmendu du: «Pantailetan euskararen presentzia sinbolikoa da. Horrek ohituretan eragina dauka. Haur eta helduok ez badugu erreferenterik, euskararen etorkizunarentzat kezkagarria da. Estrategikoa da pauso sendo eta ausartak ematea. Euskarak bataila politikoetatik aparte egon behar du. Kontsentsuak behar ditu euskarak, aurrera egingo badu».
Talde politikoek eskertu dute Pantailak Euskaraz taldekoen lana. Baina ñabardurak izan dituzte: EH Bildu erabat ados azaldu da taldearen aldarrikapen eta eskaerekin, baina kritikatu du EAJk blokeatu duela ikus-entzunezko kontseilua sortzeko eztabaida, eta aurreko legealdian EITB dagoen bezala uztea erabaki zutela; Elkarrekin Podemosek esan du plataformak ordainpekoak direla, eta egon daitezkeela familiak horiek ordaindu ezin dutenak; PSE-EEk aipatu du aintzat hartuko direla Pantailak Euskaraz-en planteamenduak; eta EAJk martxan dauden ekinbideak nabarmendu ditu, eta azaldu du EITBko zuzendari nagusiak Primeran streaming plataformaren ingurukoak aurkeztuko dituela Eusko Legebiltzarrean hilaren 15ean.
Pantailak Euskaraz taldeko ordezkarien iritziz, streaming plataforma berriak euskara hutsean izan beharko luke. «Euskara hizkuntza handiago baten ondoan jarrita, ez da kontu bera izango». Elebitasunak desoreka ekarri ohi duela azaldu dute ordezkariek. Nabarmendu dute baita ere ikus-entzunezko eduki arrakastatsuenak euskarara bikoiztuta egon beharko luketela, euskara informal estandarra zabaltzeko. «Ohiturak sortu egiten dira», nabarmendu du Aginagaldek. Gogorarazi du duela urte batzuk haur euskaldunak ohituta zeudela marrazki bizidunak euskaraz ikusten, baina gaur egun neska-mutiko gehienek erdaraz ikusten dituztela pantailetako edukiak.
Taldearen proposamenen artean hau dago: streaming plataformei kuotak ezartzeko eskatu dute Espainiako Ikus-entzunezko Lege Orokor berrian. Bikoizketarako diru laguntzak sortu eta sendotzeko ere eskatu dute, eta plataformekin negoziatu dezatela dagoeneko bikoiztuta dauden edukiak txertatu ditzaten. Taldeak uste du euskaraz bermatu beharko liratekeela haur eta gazteen estreinaldiak. Azkeneko puntu hori zinemako estreinaldietan ere eskatu dute.