Ezinbestean, gero eta estuagoa bilakatu da atzerako kontua, eta, hain zuzen, gaur izanen du amaia. Oier Oa euskal preso ohia Parisko Zigor Auzitegi aitzinetik pasatzekoa da gaur. Epaiketa horretan, auzitegiak erabaki beharko du Oak Ipar Euskal Herrian bizitzeko eskubidea duen ala ez. Egun, Zugarramurdin (Nafarroa) bizi da preso ohia, Lapurdin errotua izanik ere. Legeak agindurik, urrun ditu senideak. Lurralde debekuari kontra egiteko, helegitea jarri zuen Oak. Eske hori aztertuko dute gaur epaileek.
Estualdi eta bide malkartsu ugari izan ditu Oak joan diren urteetan, atxiloaldiak eta debekuak tarteko. Horiek aztergai, Bernat Etxepare lizeoko bi ikasle ohik dokumental bat sortu dute: Zigor bat gehiago. Hain zuzen, lana gaur aterako da argitara. Kanalduderekin ekoitzia da, eta, gainera, BERRIAren webgunean ikusten ahalko da, arratsetik aurrera. Zehazki, 20:00etan estreinatuko dute. Urriaren hondarrean argitaratu zuten trailerra.
Joan diren egunetan, gaur auzitegiek ebatziko dutena izan du hizpide Oier Oak zenbait hedabiderekin. BERRIAri aitortu dionez, «esperantzaz» da epaileek zehaztuko dutenaren zain, «baikor». Hala eta guztiz ere, mesfidati ere bada, aldi berean, ez baita guztiz fio. «Edozer gauza gertatzearen arriskua ere ez dugu baztertzen».
Ikusi gehiago: «Urte hau, azken batean, beste zigor urte bat izan da»