«Badu? Bada! Beharbada... Badaezpada. Baitezpada! Ba-do-re, ba-do, re, mi, fa, sol, la, si, do. Badarrai, badario, badator. Bai, bada». Jon Ander Urresti aktore bermeotarrak jarri dio aurtengo Durangoko Azokari aurpegia, ahotsa eta gorputza. «BaDA!» izango da abenduaren 3tik 8ra egingo den azokaren leloa, eta hura oinarri duen hitz eta antzezpen jolas batekin sortu dute spota. Sorland eta Filmak enpresek sortu eta ekoiztu dute.
Leire Urbeltz ilustratzaileak sortutako kartelari ere egiten dio keinu bideoak. Kili eta Kuir izeneko pertsonaiak sortu ditu irudigileak, eta bideoko protagonista ere haien itxuran azalduko da irudietan. Hortik aurrera, bateko zein besteko jantziak darabiltza. Txupa beltza jantzita, oinetako gorriekin eta gerrian zaldikoa lotuta ageri da une batean, esaterako.
Ikasle goizik gabe
Aurten ez dela ikasleen goizik egongo ere iragarri dute azokako antolatzaileek. Horren ordez, lehiaketa bat antolatuko du Gerediaga Elkarteak LH, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat, euskarazko liburu edo disko baten azala moldatzeko eskatuz, eta azaroaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Berria da hori. Urtero azokako lehen egunean tradizioa izan baita Euskal Herriko hamaika ikastetxetako ikasle biltzea, eta haientzat pentsatutako programazioa prestatzea. Aurten, ordea, azokak digitalki baino ez ditu irekiko ateak lehen egunean. 3tik 7ra egongo da martxan online denda, eta 4tik 8ra egongo da Landako guneko salmahaiak bisitatzeko aukera.