Koronabirusa

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egunero 200 positibo inguru izan direla jakinarazi du Sagarduik

Positibo kopurua gorantz egiten ari bada ere, Nafarroan ospitaleratzeak ez dira ugaritu azaroko lehen astean.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, aurreko agerraldi batean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko azaroaren 7a
16:48
Entzun

Eusko Jaurlartizak astelehenean eguneratuko ditu azken astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan diren koronabirus datuak, baina Gotzone Sagardui Osasun sailburuak ETBn egin dioten elkarrizketa batean jakinarazi duenez, 200 inguru izan dira azaroko lehen astean egunero positibo eman duten herritarrak. Datu horrek berretsi egiten du gaitzaren gorakada; aurreko astean ez ziren egun bakar batean 155 positibo baino gehiago izan.

Datu horietakin, hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 100ekoa litzateke. Duela hilabete 58 zen intzidentzia, eta, joan den astean, 86. Edonola ere, Jaurlaritzak oraindik ere astelehenetan soilik ematen du positiboen berri, eta ez dago datu zehatzik izaterik.

Eusko Jaurlaritzak ez bezala, Nafarroako Gobernuak ez du eten datuen eguneroko jarioa, eta horietan garbi atzematen da gorakadaren neurria. Astelehenean 26 izan ziren lurralde horretan positiboak, baina hiru egunen buruan bikoiztu egin zen kopuru hori, eta atzo 84 positibo atzeman zituzten, eta gaur, berriz, 82.

Hala ere, ospitaleetan oraingoz bideratuta dago egoera. Atzo ez zuten inor ospitaleratu, eta aste osoan ZIUetan sei eta zortzi pertsona bitarte izan dituzte Nafarroa osoan.

Ospitaleetan, egoera kontrolpean

Gaur bete da hilabete Jaurlaritzak osasun larrialdi-egoera kendu eta murrizketa ia denak kendu zituenetik (maskararen erabilerarena salbu). Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitaleetan gorantz doa gaixoen kopurua Sagarduik esan duenez, baina ZIUen egoera kontrolpean dago oraingoz: 27 gaixo daude zaintza intentsiboen unitateetan, asteleheneko azken kopurua baino bat gehiago.

Gorakada hori eteteko txertatzeak duen garrantzia azpimarratu du Sagarduik, eta esan du txertoa hartu ez dutenek lau bider arrisku handiagoa dutela ospitaleratuak izateko, txertoa hartu dutenek baino. Ahalegin bat eskatu die herritarrei, eta prebentzio neurriak betetzea galdegin du, batik bat Eguberriei begira: "Oso garrantzitsua da orain gorako joera etetea, harreman sozial eta familiar gehiagoko garai horri begira", esan du.

Janssenen bigarren txertoa

12 urtetik beherakoek txertaketa kanpainatik kanpo jarraituko dute, baina multzo zaurgarriena dela esan du. Une honetan, elkarrizketan eman dituen datuen arabera, 25 ikasgela daude itxita Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Osakidetza bihar hasiko da koronabirusaren kontra Janssen txertoa hartu zutenei bigarren dosia jartzen. 99.000 pertsona inguruk hartu dute dosi bakarreko txerto hori uda bitartean, eta adituek orain beste dosi bat jartzea gomendatzen dutela adierazi du Osasun sailburuak. Batik bat, 50 eta 59 urte bitarteko herritarrak dira, eta euren osasun zentroetan txertatuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.