Politika

«Bizikidetza demokratikorako» ituna bultzatzeko konpromisoa hartu du Foro Sozialak

Urtebeteko gogoeta prozesuaren ostean, gaur aurkeztu du Foro Sozialak bizikidetza eratzeari buruzko liburua, Gasteizen. «Une historiko» honetan, «behetik gorako» Itun soziala eta instituzional bat ontzea proposatu du, ez errepikatzeko bermeak oinarri dituena.

Nekane Alzelai Foro Sozialeko kidea, gaur, Gasteizko aurkezpenean. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
edurne begiristain
2021eko azaroaren 6a
12:53
Entzun

Foro Sozialak urtebete eman du gizarte eragileekin hausnartzen bizikidetza demokratikoa nola eratu beharko litzatekeen, eta, amaitutzat eman du prozesu hori. Jasotako ekarpen eta hausnarketa guztien ondorioak Prozesuaren liburua izeneko lanean batu ditu, eta gaur eman du horren berri Gasteizen, Artium museoan. Foro Sozialaren ekitaldian Ernesto Samper Kolonbiako presidente ohia izan da gonbidatu gisa, eta hark bere herrialdearen bizikidetza erronkak azaldu ditu.

Foro Sozialaren ustez, Euskal Herriak «une historikoa» bizi du, eta beharrezkoa da ez errepikatzeko bermeak ezartzea. Horretarako, beharrezkotzat jo du «behetik gora» ondutako itun sozial eta instituzional bat bultzatzea, «etorkizuneko bizikidetzarako oinarri sendoak» ezarriko dituena. Foro Sozialak ulertzen du gizarte zibilari eta hura ordezkatzen duten erakundeei dagokiela bizikidetza demokratikoa eraikitzea, nork bere konpromiso zehatzak finkatuta, etorkizuneko ituna lortzeko.

Foro Sozialak bere gain hartu du itun hori bultzatzeko erabaki irmoa, eta helburu horrekin, hainbat konpromiso hartu ditu. Besteak beste, «motibazio politikoko indarkeriek» eragindako giza eskubideen urraketen biktima guztien mina aitortzeko konpromisoa hartu du, bai eta biktimak diskriminatzeko joera behin betiko gainditzeko ere. Halaber, indarkeria zikloan gertatutako giza eskubideen urraketa guztietan «erantzukizun zuzena edo zeharkakoa» duten eragile guztiek eragindako mina aitortzeko, eta eztabaida demokratikorako esparru bat sortzeko konpromisoa ere agertu ditu. Motibazio politikoko delituengatik kondenatutako presoen, erbesteratuen eta ihes egindakoen egoeraren behin betiko konponbidearen aldeko konpromisoa ere agertu du Foro Sozialak, «espetxe lege arrunta aplikatuta» eta «presoen birgizarteratzearekin engaiatutako alternatiba ez zigortzaile bat» sustatuta. Biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidearekiko konpromisoa ere hartu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.