«Egungo euskal herritarron gehiengoak bere etorkizuna aske erabaki nahi du». Hala azaldu du Gure Esku plataformak Eusko Legebiltzarraren aurrean eginiko agerraldian. Josu Etxaburu eta Amalur Alvarez bozeramaileek adierazi dute euskal herritarren %70 erreferendum bat egitearen aldekoak direla, eta bide horretan aurrerapausoak emateko eskatu diete alderdi politikoei: «Hemen gaude ordezkari politikoei esateko har dezatela behingoz erabakitzeko eskubidea lege bilakatzeko bidea».
Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatutu berriaren inguruko eztabaida tarteko, hura «gauzak aldatzeko mugarri» izan daitekeela defendatu du Gure Esku-k. Horretarako, ordea, ezinbestekotzat jo du erabakitzeko eskubidea eta herritarren parte hartzea ardatz gisa hartzea: «Horiek dira gure marra gorriak».
Plataformak adierazi duenez, datozen asteetan proposamen horiek aurkeztuko dizkiete Eusko Legebiltzarreko alderdiei ─ez dute Voxekin biltzeko asmorik─, herritarren artean «adostasun esparru» dena «jardun politiko-instituzionalean» ere hala izateko esperantzarekin. Modu berean, «bere garaian hasitako bidetik» ez urruntzeko eskatu diete politikariei, EAJk eta EH Bilduk 2018an erabakitze eskubidearen alde adostutako akordioari erreferentzia eginez. Hura urrats garrantzitsua izan zela adierazi du Gure Esku-k, baina, era berean,ordutik aurrerapauso gehiago eman ez izana kritikatu du: «Hilabete asko pasa dituzte itzulinguruka, aurrerapauso handirik eman gabe, eta orduan erakutsitako jarreretatik gero eta urrunago».
Jarrera horren aurrean, subiranotasunaren aldeko aldarria egin du Gure Esku-k, eta gehitu herritarrek «behin eta berriz» jasan dituztela «burujabetza gabeziaren ondorio larriak»; hala nola, COVID-19ak eragindako osasun krisiaren kudeaketan. «Agerian utzi du zein ahula den gure herriaren autogobernua», azaldu dute bozeramaileek, Madrilek eta Parisek izan duten rola nabarmenduta. Beraz, aferan sakontzeko beharra inoiz baino beharrezkoagoa da, haien ustez.
Herritarrak «motore»
Aurrerako bidea herritarren, eragileen eta instituzioen arteko elkarlanean egiteko asmoa ere adierazi dute. Halere, azken horiei jakinarazi diete ez dutela haien «erantzunaren zain» geratzeko asmorik: «Ez dugu onartuko ez blokeorik ezta gehiengoaren borondateari betorik ere». Izan ere, herritarrak «motore» bihurtzeko urrats berriak iragarri dituzte. Esaterako, datozen asteetan batzar irekiak egingo dituzte eskualdeetan, «bide orria partekatzeko» eta helburuen bila «ahalik eta jende gehien batzeko».
Era berean, erreferendumaren aldeko sinadura bilketarekin aurrera jarraituko du plataformak, abenduaren 31ra arte: «Datorren urte hasieran, milaka eta milaka sinadura eskutan, erakundeak interpelatuko ditugu erabakitzeko bidea arautu dezaten».