Euskarazko hitzak dituen lehen liburuaren ale bat eskuratu du Mintzoa argitaletxeak

'De rebus Hispaniæ memorabilibus' liburua da. Lehen edizioa 1496-1497koa da, eta aurkitu dutena, 1533koa. Lehen edizioan ez zuen euskarazko hitzik.

Mintzoak eskuratu duen liburuan irakur daitezkeen hitzetako batzuk. MINTZOA
Ane Eslava.
2021eko azaroaren 5a
14:36
Entzun

Mintzoa argitaletxeak euskarazko hitzak dituen lehen liburu inprimatua izan daitekeenaren 1533ko ale bat eskuratu du, Italian. De rebus Hispaniæ memorabilibus liburua da, Lucio Marineo Siculorena. Aurkitu duten alea ez da liburuaren lehen ediziokoa, lehena 1496-1497an argitaratu baitzuten, De laudibus Hispaniae izenburuarekin. Lehen edizioan ez zuen euskarazko hitzik; gero gehituko zizkioten.

Aritz Otazu Mintzoako editoreak azaldu duenez, Lucio Marineo Siculo Espainiako erregeen kronikaria zen, eta liburu hori enkarguz egin zuen. «Kapitulu batean aipatzen du Espainiako hizkuntza beteranoa, latinez, eta esaten du baskoiek eta kantabriarrek hitz egiten duten hizkuntza bat dela».

Euskarazko zenbait hitz agertzen dira —zerua, gorputza, lurra, emaztea...—, eta baita zenbait esamolde labur ere, bizkaieraz idatziak, hala nola edaten dot eta irakurtzen dot. Zeta hizkiarekin idatzi beharrean ze hautsiarekin idatziak daude, eta azentuak ere agertzen dira. «Garrantzitsuak dira xehetasun horiek; adibidez, 1610eko liburuan [euskarazko hitzak zituen liburu bat, zeinaren ale bat eskuratu zuen Mintzoak iaz] zetak agertzen direlako, eta azentu markarik ez», zehaztu du Otazuk. Zenbakiak ere agertzen dira, euskaraz idatziak.

Liburua Parisko liburu zaharretako azoka batean eskuratu dute. Antigoaleko gauzen saltzaile batek aurkitu zuen han, irailean, eta Mintzoakoei saldu zien. Hala ere, jatorria Italiakoa da, antigoaleko gauzen saltzaileari liburua saldu ziona Italiatik joana zelako azokara.

Liburu hori da, beraz, euskarazko hitzak dituen lehen obra inprimatua, oraingoz. Ale hori 1533koa da, eta hurrengo urteetan ez dago euskarazko hitzak dituen liburu askorik, Otazuk nabarmendu duenez: «Gero dago Sancho de Elsoren 1581eko Doctrina Christiana, eta ez dago alerik munduan; hurrengoa Leizarragaren Testamentu Berria da, 1571koa; eta, hortik aurrera, hurrengo urteetan gehiago daude, baina ez asko».

Liburuaren atzeko aldean ikusi dutenez, eskuratu duten alea nafar batek inprimatu zuen, Miguel de Egiak. «Hemengo inprimatzaile bat zen, erreinuko inprimatzailea, eta berak Lizarran inprimatzen zuen, baina gero Alcala de Henaresera [Espainia] joan zen, eta han inprimatu zuen liburu hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.