Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk datorren asteazkenean hasiko ditu elkarrizketak oposizioko alderdiekin, 2022ko aurrekontuei begirako akordio «zabalagoa» lortzeko asmoz. Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du negoziazioak «errealistak» izan beharko direla, «betorik gabeak» eta erkidegoaren eskumenetara mugatuak.
EAJk eta PSEk gehiengo osoa dute Eusko Legebiltzarrean, eta, beraz, bi alderdien botoak nahikoa dira Jaurlaritzaren proposamena aurrera ateratzeko. Hala azaldu du Urkulluk gaur goizean, Ekonomia Berria Foroan eginiko hitzaldian. Lehendakariak esan du proiektua gobernukideek soilik babestuko balute ere gehiengo «guztiz legitimo bat» izango litzatekeela: «Aurrekontuak onartu egingo dira». Gogoratu du aurreko urtean ere «azken unera arte» iraun zutela EH Bildurekin, eta, batez ere, Elkarrekin Podemosekin eginiko negoziazioek, baina ez zutela akordiorik erdietsi. Kasu hartan, adostasunik ezaren arrazoia oposizioko taldeen barne eztabaidak izan ziren, Urkulluren iritziz.
Aurten ere egingo dute elkarrizketa erronda. Azpiazuk EH Bildurekin, Elkarrekin Podemosekin eta PPrekin biltzeko asmoa adierazi du, baina ez Voxekin. Urkulluk egin bezala, Ogasun sailburuak ere aste hasieran azaldu zien taldeei balizko akordioak «arrazoizko onura sozial eta politiko sektorialen» begirakoak izan beharko direla.
EH Bilduk adierazi du prest dagoela Jaurlaritzaren proposamena aztertu eta «akordio zabalak» lortzeko lan egiteko. Era berean, Maddalen Iriarte bozeramaileak gobernuari eskatu dio «egoerak eskatzen duen maila eskaintzeko». Haren ustez, ez da nahikoa idazpen gutxi batzuk aldatzea: «Elkarrizketa zintzo bat hasteko gai izan behar dira». Elkarrekin Podemoseko eledun Miren Gorrotxategi ere hitz egiteko asmoz agertu da. Haren helburua aurrekontu proposamenean atzeman dituzten «murrizketa sozialak» etetea izango da.
Horren aurrean, Urkulluk azaldu du Jaurlaritzaren aurrekontuek «ezkerrera bira» egin dutela, eta horren lekuko dela kontuen 13.107,8 milioi euroen %80 gizarte politiketara bideratzeko asmoa. Adierazi du Jaurlaritzaren aurrekontu proposamena «hamarkada honetarako eraldaketa ekonomiko eta sozialaren alde» eginiko apustuaren adierazgarri dela: «Historiako handiena da». Haren hitzetan, gainera, kontuek «unean uneko beharrei» erantzuten die. Izatez, «inflexio puntu bat» izango dela uste du, «ekonomiari eta kohesio sozialari bultzada bat emateko».