Ikatza hurrengo hamarkadetan baztertzea adostu dute 40 estatuk

Herrialde aberatsenek 2030eko hamarkadan baztertuko dute erregai fosilik kutsagarriena, eta garabidean direnek, 2040ko hamarkadan. AEBek, Txinak, Indiak eta Australiak ez dute bat egin.

Ikatz errekuntzan oinarritutako energia instalazio bat, Alemaniako Datteln hirian. FRIEDEMANN VOGEL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko azaroaren 4a
18:01
Entzun

Ikatza da Lur planetaren berotzean eraginik handiena duen erregai fosila. Haren erabilerak sortzen du karbono isuri gehien, petrolioaren eta gasaren aurretik. Hori dela eta, adituek ezinbestekotzat daukate ikatzaren errekuntza epe motzean kantitate handitan murriztea klima aldaketaren ondoriorik larrienak saihesteko. Bada, ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eguna begi bistara dagoela adierazi du gaur Kwasi Kwarteng Erresuma Batuko Negozio eta Energia estatu idazkariak, 40 estatuk baino gehiagok erregai hori erabiltzeari uzteko akordioa sinatu eta gero. Glasgown (Eskozia) hartu dute horretarako konpromisoa, COP26 klima larrialdiaren inguruko nazioarteko goi bileran.

Akordioaren sinatzaileen artean daude Espainia, Ukraina, Polonia, Hego Korea, Indonesia, Vietnam eta Txile, esaterako. Baina ikatz kontsumitzaile handienetako batzuek akordiotik kanpo gelditzea erabaki dute, eta pisu handiko estatuak dira: AEBak, Txina, India eta Australia, bereziki.

Konpromisoa hartu dutenen artean, epemuga desberdinak finkatu dituzte ekonomia garatuetako herrialdeentzat eta garabidean direnentzat. Ekonomia garatuetakoek 2030eko hamarkadan utzi beharko diote ikatza erretzeari, eta garabidean direnek, berriz, 2040ko hamarkadan baztertuko dute erregai fosil hori.

Bestalde, 25 herrialdek eta hainbat finantza erakundek hitzartu dute 2023tik aurrera diru publikorik ez jartzea erregai fosilen sektorea atzerrian finantzatzeko. Estatu horien artean dira, besteak beste, AEBak, Erresuma Batua, Danimarka, Italia eta Kanada. Sinatzaile guztien artean, urteko 15.000 milioi euro baino gehiago erabili ahalko dituzte erregai fosilen sektoretik «energia garbien» trantsiziorako. Akordio horretatik kanpo gelditu dira Txina, Japonia, Errusia eta Australia, besteak beste.

Horrez gain, hogei kide gehiago batu zaizkio Glasgown No New Power Compact (Ikatz Energia Gehiago Ez Hitzarmena) izeneko itunari; Vietnam, Maroko eta Polonia, horien artean. Ikatza erretzeko azpiegitura gehiago ez eraikitzeko konpromisoa hartu dute.

Erresuma Batuko Gobernuak «historikotzat» jo ditu akordioak, eta orain urte gutxi halakorik pentsaezina litzatekeela nabarmendu dute urratsaren alderik baikorrenari erreparatu dioten ahotsek. Baina izan dira iritzi kritikoak ere, konpromisoak eragin urriegikoak direla ohartarazi dutenak; besteak beste, sinatzaileek urte batzuk izango dituztelako erregai fosilak orain arte bezala erabiltzen jarraitzeko.

IEA Nazioarteko Energia Agentziak hainbatetan ohartarazi du erregai fosiletan oinarritutako proiektu gehiago martxan jartzeari utzi behar zaiola 2021etik aurrera, planetaren berotzea 1,5 gradura mugatu ahal izateko.

Erregai fosilek eragindako karbono isuriak aurten pandemiaren aurreko neurrietara itzuliko direla ohartarazi du gaur Global Carbon Project egitasmoak, bere azken txostenean. Erregai horien artean, ikatza izango da isuri gehien sortuko duena: 14,7 gigatona karbono dioxidoren iturri izango da ikatza, 11,5 gigatonarena petrolioa eta 7,7rena gasa.

Azken urteetan ikatzak eragindako isuri kantitateak beheranzko joera zegoen arren, eta COVID-19aren pandemiak jaitsiera are gehiago sakondu bazuen ere, aurten ikatza izango da isuri hazkunderik handiena izango duen erregai fosila, 2019ko balioak gaindituta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.