«Berrogei urtez, egunero bost ordu eman dituzte Chamber Dance Group taldeko dantzariek dantzan, euren lana inon erakutsi gabe, birarik egin gabe, dantzatzen, Noa Eshkolengan eta hark sortutakoan sinisten zutelako. Inpresio handia eragiten dit aritzeagatik aritzearen ideia horrek, beti emaitzetan pentsatzen dabilen sasoi honetan. Emakume horiek berrogei urte eman dituzte, besterik gabe, isilean dantzan». Hura hil eta denbora gutxira ezagutu zuen Noa Eshkol koreografo israeldarraren lana Sharon Lockhart artistak (Norwood, AEB, 1964), baina arrasto sakona utzi zion, eta haren dantza taldeko kide izandako kideekin, eta hark sortutako giza mugimendua notatzeko sistema erabiliz sortu zuen Mugimendu-notazioko lau ariketa izeneko bideo lana 2011n. Omenaldi modura, eta haren lanaren introspekzio mailak eragindako lilurak bultzatuta. Bilboko Guggenheim museoak jarri du orain ikusgai filma Sharon Lockhart. Errotazioa notazioa izeneko erakusketan, eta otsailaren 27ra arte egongo da ikusgai museoko Film & Video aretoan.
Degania Bet izeneko kibbutzean jaio zen Eshkol, Palestinako lurretan, 1923an. Rivka Marsha irakaslea zuen ama, eta Levi Eshkol, berriz, aita, zeina urteekin Israelgo Lehen Ministro izatera heldu zen, eta zeinak 1967ko Sei Eguneko Gerran parte hartze garrantzitsua izan zuen. Dantza izan zuen pasio Noa Eshkolek, eta Avracham Wachman arkitektoarekin batera asmatutako dantzarien mugimenduak notatzeko sistema propio bat da haren ekarpen nagusietako bat: EWMN akronimoaz ezagutzen dena. Esfera itxurako tresna bat ere asmatu zuten dantzariaren gorputzaren mugimendu potentzial guztiak irudikatzeko, eta, hain zuzen ere, Lockhart artistak esfera horri ateratako hamabi argazki topa ditzake bisitariak erakusketaren sarreran.
Arteetatik, zientziara
Hari xingle batetik zintzilikatutako eskultura abstraktu baten itxura du esferak, baina mugimendu baten arrastoa markatzen dute airean. Besoa zirkuluan mugituz eman du azalpena Lockhartek. «Mugimendua ulertzen saiatzeko tresnak dira, ez eskulturak. Hau, adibidez, [argazkietako bati keinu eginez] mugimendu hau bezalakoa da [besoarekin zirkulu bat marraztu du airean]».
Hasieran, dantza mugimenduak notatzeko sortu zuten beren notazio sistema Eshkolek eta Wachmanek, eta oraindik ere erabiltzen da koreografia jarraibideak emateko, baina zientzialariek ere baliatu izan dute, eta, esate baterako, animalien mugimenduak aztertzeko zein autismoaren edo Aspergerren sindromearen diagnostikoa egiteko ere baliatzen dute.
Chamber Dance Group izeneko dantza taldea ere sortu zuen Eshkolek, eta haren parte izan zen orain Bilbon ikus daitekeen bideoan dantzan ikus daitekeen Ruti Sela dantzaria, 1969tik hasi eta orain gutxi zendu zen arte. Haren «estoikotasuna» nabarmendu du Lockhartek Bilbon, eta baita haren mugimenduek iradokitzen duten «bakea» ere.
Giza eskala
Eshkolek asmatutako notazio sistemaren bidez sortutako lau ariketa egiten ikus daiteke dantzaria erakusketa aretoko gela nagusiko bideoan. Ezkerretik eskuinerantz ikusiko du bisitariak haietako batean, esaterako, beso eta gerriak errotatuz, nagusiki, tarteka urrats txikiren bat eginda desplazatzeko. Atzealdetik aurrealderantz joango da beste batean, eta besoak buru gainean altxatuta bere ardatzaren inguruan biraka eta gorputzaren desplazamenduarekin ere lurrean zirkulu moduko bat osatuz arituko da dantzan beste batean. Erabateko isiltasunean beti, eta inguruan eskultura itxurako lau bloke berdin-berdin dituela.
Eskala errealean proiektatzen da dantzariaren irudia aretoan, eta ikusleari ere bere gorputzaren kontzientzia pizten lagundu nahi dio horrela artistak. «Bisitariak arretatsuagoa izango dira espazioan egiten dituzten mugimenduez». Eta, era berean, giza eskalaren araberakoak dira bideoan ageri diren lau bloke grisak ere, zehatz-mehatz dantzariak besoak luzatuz duen altura bera baitute, eta baita hankak luzatuz gero lor dezakeen gehienezko zabalera bera ere.
Oharkabean doazen mugimenduak
Manuel Cirauqui komisarioak gogoratu duenez, Eshkol hil berritan bakarrik ezagutu zuen haren lana Lockhartek, baina haren lanak arrasto handia utzi zion. «Elkarrekin existitu ez diren figurak dira, beraz, arteak batu dituenak». Bada bi sortzaileen arteko alde ageriko bat ere, komisarioak azaldu duenez, Eshkolen kasuan izaera komunitario indartsua baitzuen dantzak, eta, ondorioz, taldean, edo gutxienez bikotean, dantzatzekoak dira haren koreografia guztiak. Lockhartek filmatutako lanean, ordea, erabat bakarrik ari da Sela dantzan. «Artista naiz, eta askatasun hori dut», argudiatu du.
Cirauquiren hitzetan, «bizitza erregistratzea» da Lockharten ibilbidearen motor nagusietako bat. Saskibaloi taldeen mugimenduak, umeen jolas orduetako nahaspila eta nekazarien lanegunak baliatu izan ditu bere lanetarako, eta, horregatik, bat etorri da artista komisarioaren irudipen horrekin. «Eguneroko mugimenduekin erabat loturik dago nire lana, bai, eta oharkabean pasa diren gauzei erreparatzen diet».