'Bide luzea eta malkarra' izeneko erakusketa ikusgai dago Donostian

ETAk euskal kulturgintzan izan zuen eragina islatzea du helburu, eta bi hilabetez ikusgai egongo da Koldo Mitxelena kulturenean.

'Bide luzea eta malkarra' izeneko erakusketaren hormetako bat, Koldo Mitxelena Kulturenean, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Olaia L. Garaialde.
2021eko azaroaren 4a
14:21
Entzun

ETAk jardun armatua eten zueneko hamargarren urteurrenaren harira, Bide luzea eta malkarra izeneko erakusketa aurkeztu du Harkaitz Millanek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak gaur, Koldo Mitxelena kulturenean, Donostian. Helburua da ETAk euskal kulturgintzan izan zuen eragina islatzea. Horretarako, zenbait sortzaileren lanak eta intelektualen ibilbidea islatu dute. Felipe Juaristi, Aritz Gorrotxategi eta Javier Balda sortzaileak erakusketaren komisarioak dira, eta erakusketa otsailaren 26ra arte ikusgai egongo da Koldo Mitxelena kulturenean. «Erakusketak ikusgai jartzen du sortzaileek, artistek eta intelektualek zer eginkizun bete duten ETAren terrorismoaren salaketan», azaldu du Millanek.

Zortzi hormetan banatuta dago erakusketa, eta bakoitzak ibilbide horretako ikuspegi bati egiten dio erreferentzia. Lehenengoak Kalera atera du izena, eta zenbait erakunde omentzen ditu; esate baterako, Bakearen Aldeko Koordinakundera, Elkarri-Lokarri eta Denon Artean. Diputatuak lehenengo hormaren gai nagusia azaldu du: «Herritarren kontzientzia pizteko eta indarkeriaren aurkako dinamika aldatzeko egindako lanari buruzkoa da». Horrez gain, «bakearen alde» kalera atera ziren herritarren eta manifestazioen argazkiak zein kartelak ageri dira.

Bigarren hormak Hitzez hitz du izena, eta bi ataletan banatuta dago; batetik, indarkeria salatu, baztertu edo zalantzan jarri zuten egileen testuak jaso dituzte; hala nola Xabier Leteren, Anjel Lertxundiren, Edurne Portelaren eta Idoia Estornesen testuak. Bestetik, biktima izan ziren idazleak omendu nahi izan dituzte; horien artean, Gabriel Zelaia.

Musikari erreferentzia egiten dio hirugarren hormak, eta Soinua eta isiltasuna izena du. Bertan «bakearen alde» egindako kontzertuak azpimarratu dituztela esan du Millanek. Horren adibide da, 1989. urtean, azaroaren 5ean Beldurraren aurka lelopean egindako kontzertua.

Laugarren hormak azken hamarkadetan argitaratutako manifesturik «esanguratsuenak» jasotzen ditu, eta Gogoa agerian du izena. Bertan, esate baterako, Isiltasuna ez da aterpe izeneko manifestua jaso dute. Euskal kulturako zenbait eragilek sinatu zuten; Lurdes Auzmendik, Bernardo Atxagak eta Lourdes Oñederrak, besteak beste.

Gobernuek ETArekin izandako elkarrizketak jasotzen ditu Besteari begira hormak, eta bosgarrena da. «Horretarako prentsara jo dugu», nabarmendu du diputatuak.

Seigarren hormak, Oztopoen horma izanekoak, bakerako «oztopo» izan diren hainbat gertakari jasotzen dituela azaldu du Millanek: «ETAren atentaturik latzenak, Lasa eta Zabalaren kasua eta Ortega Lararen bahiketa, besteak beste».

Biktimen era biktimarioen arteko topaketak bildu ditu zazpigarren hormak, Eskutik eskura izeneko hormak. Prentsatik aterako albisteak eraman dituzte horma horretara. Horrez gain, filmetako kartelak ere ageri dira; horien artean, Maixabel filmaren kartela ageri da. Iciar Bollainek zuzendu du, eta Maixabel Lasaren bizipenetan oinarrituta dago.

Azken hormak, Pantailak izenekoak, zinemari eta telebistari erreferentzia egiten dio. «Batetik, esanguratsuak iruditzen zitzaizkigun filmen kartelak ekarri dira; eta, bestetik, ikus-entzunezko edizio bat egin dugu horietako pasarte deigarrienak aukeratuz», azpimarratu du Millanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.