'Mozal legea'

'Mozal legea' kenduko dutela iragarri dute Unidas Podemosek eta PSOEk

UPko bozeramaileak adierazi du polizien irudiak ateratzea eta banatzea ez dela zigorgarria izango. EAJk proposatu zuen lege erreforma Madrilen.

Mozal Legearen aurkako 2015eko protesta bat Bilbon. MARISOL RAMIREZ
2021eko azaroaren 4a
13:21
Entzun

Unidas Podemosek eta PSOEk datorren astean adostuko dituzte mozal legea indargabetzeko azken zuzenketak, EAJrekin xehetasunak itundu ostean alderdi jeltzalea izan baita bultzatzailea. Espainiako Herritarren Segurtasunerako Legea erreformatuko dute, baina oraindik batzuen eta besteen zuzenketak adosteke daude.

Enrique Santiago UPko Espainiako Kongresuko diputatuak esan du gaiari buruz PSOErekin duten akordio maila «erabatekoa edo oso handia» dela, eta datozen egunetan EAJren proposamenak ezagutzeko prest egongo direla. PSOEko iturriek EFEri esan diote, hala ere, oraindik negoziatzen jarraitzen dutela.

EFE agentziaren arabera, zuzenketen epea datorren astean itxiko da, orain arte berrogei aldiz luzatu ostean. Dagoeneko testua oso aurreratuta daukatela adierazi diote Espainiako Gobernuko iturriek.

Santiagok adierazi du polizien irudiak ateratzea eta banatzea ez dela zigorgarria izango, betiere polizien eta haien familien intimitaterako eskubidea urratzen ez bada. UPko bozeramailearen arabera, gizarte lanak lehenetsiko dituzte isunen aldean, eta zigorrak «zigortuen erosteko ahalmenaren araberakoak» izango dira. Santiagok gaineratu du haien borondatea dela herritarrek «osorik berreskuratzea» biltzeko eskubidea eta manifestazioak egitekoa. Lege berriaren arabera, zigortu daitezkeen kaleko protesta bakarrak «desobedientzia ekintzak» izango dira. Gainera, lanean ari dira ekintza naturistak zigorgarriak izan ez daitezen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.