Politika orokorreko eztabaida

«Hodeitzarrak» onartu arren, etorkizuna «itxaropenez» ikusten du Txibitek

Ordubete eta 40 minutuko hitzaldi luzean, bi urteotan egindakoaren inbentario luzea egin du, pandemiaren ondorengo erronketan jarriz arreta eta «adostasunen beharra» azpimarratuz.

Maria Txibite, gobernuko lehendakaria, osoko bilkura hasi aurreko unean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2021eko azaroaren 4a
11:11
Entzun

Legealdi erdia iraganda, bi urteotan egindakoaren inbentario luzea egin du Maria Txibite gobernuko lehendakariak Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidaren hasierako diskurtsoan. «COVID-19 osteko garai honi itxaropenez aurre egiten diogu», nabarmendu du, nahiz eta gaineratu «hodeitzar batzuk» ageri direla ekonomian; hala nola industriari eragin dioten hornidura arazoek eta herritarren erosahalmenari eragiten dioten inflazioak. Haatik, Txibitek zehaztu du krisi honi aurre egiteko iparrorratza argi dutela: «Pandemiatik irteteko, baliabideak erabiltzen ari gara, eta ez murrizketak, beste garai batzuetan egin zen bezala. Eta ondo dakigu zein diren haren ondorioak».

Lehen hitzetan, eskerrak eman dizkie «Nafarroarentzako proiektu eta gobernu honi bide eman dieten alderdiei». 2019ko uztailean akordio programatikoa sinatu zuten lau indarrek ez dute gehiengorik parlamentuan —23 parlamentari dituzte, orotara—, eta horregatik «beste indar batzuekin hitzartzeko beharra» izan dutela goraipatu du: «Akordioak bilatzeko orduan, elkarrizketa da eta izango da gure erreminta». Gizarte eta ekonomia eragileekin lan egiterakoan ere, adostasunaren defentsa egin du Txibitek. «Konfrontazioaren aurka, kontsentsua». Horren adibidetzat jarri du ekainean aurkeztutako enplegu plana, 2024ra artekoa.

Era berean, azpimarratu du Espainiako Gobernuarekiko harremanetan «gobernantza partekatua teoriatik praktikara» eraman dutela eta aurten bi eskumen eskualdatuko direla. Bata, Iruñeko espetxeko osasun zerbitzua abian dela abuztuaren 1etik, eta bestea, akordioa lortu dutela jada gutxieneko bizi sarreren gastua eta diru sarrerak kudeatzeko. «Gure autogobernua gaur sendoagoa da, eta erakusten dugu elkarrizketaren eta akordioaren bidez gehiago lor daitekeela konfrontazioaren bidez baino».

Trafikoaren eskumenari dagokionez, berez, 2018ko urriaren 31n akordioa izenpetu zuten Pedro Sanchezek eta Uxue Barkos orduko lehendakariak, 2019ko maiatzerako itzul zedin 1928tik 1964ra arte Nafarroak izandako eskumena. Hiru urte geroago, oraindik ez da gauzatu. Txibiteren esanetan, baina, abenduaren 1ean emango du «pauso historiko hori».

Oraindik egiteke dagoen beste kontu bat da 2020tik 2024ra arteko eperako ekarpenaren kalkuluarena. Pandemia bat tarteko, ia bi urte iragan dira, eta oraingoz ez dago akordiorik bere gain hartu gabeko eskumenengatik Nafarroak estatuari zenbat ordaindu behar dion zehazten duen metodologiaren inguruan. Txibitek esan du «lanean» ari direla: «Hilabeteak daramatzagu hizketan, eta berritasunak izan ahala horien berri emango dugu».

«Beste garai batean»

Txibiteren esanetan, herritarren %90 inguruk hartu du txertaketaren pauta osoa, eta, horri esker, «beste garai batean» daude: «Ezin dugu ahaztu bizi izandakoa eta ikasitakoa. Ikasitakoak balioko digu hobetzeko eta erronkei aurre egiteko duela bi urte irudikatu ere ezingo genukeen ikuspegi batekin», aipatu du. Erronka horien artean jarri du lehen arreta sendotzea, eta, adibidez, iragarri du espero dutela abendurako pandemia aurreko presentzialtasun mailara itzultzea.

Aitortu du itxarote zerrendetan «datu txarrak» dituztela, eta «neurriak prestatzen» ari direla. Pandemiari aurre egiteko kontratatu behar izan diren profesionalen %70i eutsiko dietela azaldu du, halaber. Nafarroa osoan, osasun etxeetan ehun erizain inguru kontratatzeko asmoa dute, adibidez: aurten 44, «bertara iristeko zailtasun handieneko osasun etxeetan» eta 2022an gainerakoak, beste osasun etxeetan. Lan deialdi publikoak «bizkortzeko» asmoa ere azaldu du. Legealdian 1.200 lanpostu kaleratu dira.

Europako laguntzei dagokienez, Txibitek esan du gobernu akordioan ezarritako lehentasunekin bat eginda daudela. Erronketako bat auto elektrikoa da. Airean dago zer gertatuko den Volkswagenekin eta luzera Landabenek zer eginkizun izango duen. VW taldeko presidentearen hitzetan, «auto elektrikoaren balio erantsiaren kate osoa izango du Espainiak», eta, promes hori gogoan, Landabenek eta Martorellek auto elektrikoa ekoitziko dutela uste du Txibitek: «Gure eskumenen barruan, lanean ari gara horretarako». Ekoizpenetik harago, auto elektrikoaren hedapenerako, aipatu du «igo» egin direla auto elektriko eta hibridoak erosteko eta karga guneak jartzeko laguntzak, zehaztu gabe kopurua: «Gure erkidegoa erreferente izatea nahi dugu, bai karga kantitatean, bai kalitatean».

Next Generationi lotutako beste laguntzen inguruan ez du datu berririk eman. Elikagai industriari lotutako eraldaketa ekonomikorako eta suspertzerako planaren barruan, 39 enpresak jaso dute laguntza, eta horietatik hemeretzi Nafarrakoak dira, Txibiteren esanetan.

Trantsizio energetikoari dagokionez, azaldu du hidrogeno berdearen agenda lantzen ari direla eta energia berriztagarrietan 69 proiektu dituztela: 34 parke eoliko eta 35 fotovoltaiko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.