Epaiketen akaberan auzipetuei eman ohi zaie azken hitza, eta hala egin dute gaur Arantza Zulueta eta Jon Enparantza euskal herritarrek Espainiako Auzitegi Nazionalean, 13/13 epaiketaren azken saioan —bertze auzipetuek ez dute mintzatu nahi izan—. Bi auzipetuek egozten zaizkien akusazioak ukatu dituzte —bertzeak bertze, gogorarazi dute ez dagozkiela haiei egozten zaizkien ezizenak—, eta abokatu gisa euskal presoen arteko eztabaidan laguntza eman zutela nabarmendu dute. Hala adierazi du Zuluetak, erraterako: «Euskal presoen arteko eztabaidan lagundu dut, kartzela legedia onartzearenean. Nire lana esan dizuedan hori baino ez da izan: juridikoki eta politikoki laguntzea, eta uste dut merezi izan duela». Azpimarratu du, izan ere, «emaitza onak» ekarri dituela eztabaida horrek, «denentzat»: «Presoak dauden egoeran daude eztabaida hori ahalbidetu zelako».
11/13 epaiketako zigorra betetzeaz ere aritu da Zulueta: hiru urte, sei hilabete eta hamazazpi egun egin zituen preso, haren aurkako akusazioak onartuta. Zehaztu du, ordea, gizartearen onurarako onartu zituela akusazio horiek: «Akordio baten bidez, egozten zitzaidana onartu nuen, testuinguru baten barruan, urratsak egin ahal izateko bizikidetzaren eta bakearen bidean». Egoera politikoari ere erreparatu dio Zuluetak, eta kontuan hartzeko eskatu dio epaimahaiari, bertzeak bertze, ETAk indarkeria utzi izana eta Urriaren 18ko Adierazpena adibide jarrita: «Horrek guziak eragina izan beharko luke sententzian». Enparantzak ere salatu du testuinguru politikoa kontuan ez hartzea: «ETAren jardueraren etetetik hainbeste urtera, deitoragarria da gatazkaren ondorioei oraindik perspektiba polizial eta judizial batetik ekitea». Angela Murillo epaileak bi aldiz moztu du Enparantza, bertzeak bertze ETAri erreferentzia egiteagatik: «Hemen ez da politika egiten, justizia egiten da», salatu du. Baina berriro ekin dio Enparantzak, eta Jose Perals fiskalak joan den ortziralean egindako adierazpenak kritikatu ditu: «Guztiz lekuz eta garaiz kanpo dago. Ezin da segitu esaten ETA oraindik existitzen dela: falazia bat da».
Bi auzipetuen adierazpenekin bukatu da 13/13 epaiketa, eta sententziaren zain gelditu beharko dute sei auzipetuek —zortzi ziren hasieran, baina Juan Mari Jauregi irailean zendu zen, eta fiskalak joan den astean erabaki zuen Julen Zelarain auzitik erretiratzea—.
Espetxe zigor luzeak eskatuak ditu fiskalak auzipetuentzat: Julen Zelarainen akusazioak kenduta, guztira 66 urtera artekoak. Zulueta eta Enparantza ETAko «buru» jo zituzten fiskalak eta akusazio partikularrak; Sarriegi eta Zuriarrain, «kide»; eta Redondori eta Agirreri «laguntzaile» izatea leporatu zien. Urrunago ere joan zen Jose Perals fiskala —Altsasuko auziko bera da—: adierazi zuenez, «ETA ez da desagertu».
Ibilbide luzea izan du 13/13 auziak: 2010eko apirilaren 14an egindako polizia operazio bat du abiapuntu, eta hamar urte baino gehiago pasatuta abiatu zen epaiketa, joan den uztailean.
Frogarik ez
Auzipetuak mintzatu aitzin, gaurko saioan Nerea Redondoren eta Saioa Agirreren abokatu Jose Mari Elosuak eta Ibon Altunak hartu dute hitza, defentsaren argudiatzeekin segitzeko. Biek ala biek azpimarratu dute ez dagoela frogarik auzipetuen aurka. Agirreren kasuan, erraterako, Altunak nabarmendu du haren aurka dagoen froga bakarra torturapean jasotako polizia deklarazioa dela, eta «bere borondatearen aurka» egin zuela, beraz. Ondotik deklarazio horiek berak ukatu zituen auzipetuak. Abokatuak nabarmendu du, gainera, perituek sinesgarritasuna eman ziotela Agirreren tortura deklarazioari, eta fiskalak ez duela horren aurka egin. Altunaren hitzetan, tortura deklaraziotik gainerako guzia ez dago frogatua: «Susmoetan oinarritua dago dena; prozedura osoan atzemandako inolako dokumentutan ez da Agirre aipatzen». Auzipetua absolbitzea «beste erremediorik» ez dutela erran die epaileei. Epaiketaren luzamenduak ere salatu ditu Altunak, eta nabarmendu du hark garaiz aurkeztu zuela defentsako idatzia. Testuinguru politikoa kontuan hartzeko eskatu du abokatuak, baita auzipetuaren egoera pertsonala ere.
Redondoren eta irailean zendutako Juan Mari Jauregiren kasuan, berriz, Elosuak azaldu du akusazioak zortzi lerro baino ez dituela idatzi bi auzipetuen aurka —horietatik bi baino ez dira Redondori buruzkoak—, eta «baieztapen faltsuak» direla guztiak. Lerro horietan Redondori leporatzen zaio Jauregiri 44.500 euro eman izana, «ETAri laguntzeko», eta aipatzen da «legez kanpoko jardueretatik» lortu izanen lukeela Redondok dirua. Bada, Elosuaren arabera, ez dago frogatuta ETArekiko lotura hori. Aitzineko sententzia bat ere aipatu du fiskalak Redondoren aurrekari gisa, baina absolbitu egin zuten orduko hartan: «Redondoren irudi faltsu bat ematen saiatu dira, eta hori ez da zilegi. Ezin da edozer egin ahozko epaiketan. Zergatik egiten diote erreferentzia horri?».
Abokatuak ohartarazi du, halaber, fiskalak ez duela frogarik aurkeztu Redondoren aurka: «Ezin da errugabetasun presuntzioa ukatu, aurkezturiko froga bakarrak defentsarenak izan baitira». Frogak kontrako norabidean eskatu izana ere gaitzetsi du Elosuak: izan ere, fiskalak Redondori leporatu zion ez zuela «justifikatu» nondik atera zuen atzeman zioten dirua. Alta, fiskalak frogatu beharko luke nondik atera zuen, eta ez alderantziz. «Inkisizio froga bat» da hori, Elosuaren ustez, «errugabetasun presuntzioa» urratzen duena: «Zuzenbidearen aurkakoa da». Gainera, eta fiskalak errandakoaren aurka, Redondok azaldu eta frogatu egin zuen diru haren jatorria, abokatuak azaldu duenez: «Frogatu zuen bere aurrezkiak zirela, 2001etik bildutakoak, beltzean lan eginda lortuak». Hainbat lekukok berretsi zuten hori. Elosuak absoluzioa galdegin du Redondorentzat ere.
Atzo bertze auzipetuen abokatuen txanda izan zen, eta gisa berean aritu ziren: frogak baliogabetzeko eta Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi eta Naia Zuriarrain auzipetuak absolbitzeko eskatu zuten Alfonso Zenonek, Jone Goirizelaiak eta Aiert Larrartek.