Nafarroako arte eszenikoetako zenbait taldek Esna elkartea aurkeztu zuten atzo, Iruñean. Egitasmoaren helburua da «tresna erabilgarri bat» eskaintzea Nafarroan eta beste erkidego batzuetan arte eszenikoak «garatzeko». Hala azaldu zuen atzo Ana Maestrojuan elkarteko presidenteak, Iruñean egindako agerraldian, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko, Iruñeko Udaleko eta artearen eta kulturaren esparruko zenbait elkartetako ordezkariekin batera.
Proiektua orain aurkeztu duten arren, 2019an du jatorria: urte horretako azaroan eratu zuten, irabazi asmorik gabeko enpresa erakunde gisa, baina, pandemiaren eraginez, haren garapena atzeratu behar izan zuten. Sei dira elkartea osatzen duten enpresa edo taldeak: Acronica Producciones, Hodei Magoa, Global Servicios Culturales, Producciones Maestras, TDiferencia eta Yarleku Antzerkia. «Horiek guztiek ibilbide luzea egin dute antzerki eta magia ikuskizunen ekoizpenean, zuzeneko ikuskizunen laguntza teknikoan eta kultura eta arte proiektuen garapenean», nabarmendu du Maestrojuanek.
Egitasmoa jaio zen Nafarroako eszenako hainbat kultur eragileren arteko topaketa labur batzuen ondoren. Eragile horiek «biltzeko» beharra ikusi zuten, proiektu «ilusionagarri» baten inguruan, aterki komun baten pean. Pandemiaren garairik latzena igarota, une egokia iruditu zaie elkartea martxan jartzeko eta aurkezteko.
Arte eszenikoak garatzeko, sektorea indartzeko eta sektorean dauden elkarte guztiekin lanerako sinergiak sortzeko «lan tresna kolektibo erabilgarria» bihurtzea dute xede. Azken batean, «zubi lana» egitea, Maestrojuanen hitzetan: «Gure lana ikusaraztea, eragile ekonomiko gisa indartzea, eta administrazioko sailekin hitz egiteko eta lan egiteko bideak ezartzea».
Elkartea osatzen duten enpresetako ordezkariek ziurtatu dutenez, haietako «inork» ez zuen zalantzarik izan taldeko kide izateko, herrialdean sektorean zegoen «hutsune bat betetzeko» beharra ikusten baitzuten. Sektorea indartzeko balio dezakeen «ikuspegi osagarria» eman ahal izango dutela uste dute.
Bi ikastaro antolatu dituzte
Dagoeneko prestatu dituzte zenbait ekintza, eta horietako batzuen berri ere eman dute; besteak beste, bi ikastaro eskainiko dituzte, bata arte eszenikoen ekoizpenari lotutako oinarrizko kontzeptuei buruzkoa, eta bestea INAEM Espainiako Arte Eszenikoen eta Musikaren Institutu Nazionalaren laguntza deialdietarako proiektuak egiteko jarraibideei buruzkoa.
Proiektuak «irekia izateko eta hazteko» borondatea du, Maestrojuanek laburbildu duenez: «Pozik azalduko diegu gure proiektua gehiago jakin nahi duten enpresa guztiei. Denok gara Nafarroako kultur sarearen parte, eta gauza askok batzen gaituzte».