Berriozarko Entzunaretoan jokatuko dute, larunbatean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, 17:30ean hasita. Eneko Fernandez Maritxalar bertan aritzekoa zen, baina, osasun arazoak direla medio, ezingo da oholtza gainean izan. Hori ikusirik, Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi du txapelketako araudian zehaztutako prozedura gauzatu dutela antolatzaileek, eta, hala, berez Leitzan kantatzekoa zen Julio Soto Ezkurdiak hartuko duela Fernandezen tokia. Ongi bidean, Leitzako saioan ariko da Fernandez, azaroaren 14an.
Sotorekin batera, Berriozarren kantuan ariko dira Saioa Alkaiza Guallar, Josu Sanjurjo Altzuri, Alazne Untxalo Erregerena, Mikel Lasarte Cia eta Patxi Castillo Graciarena, eta Maialen Belarra Eneterreaga ariko da gai jartzaile. Saioa irabazten duen bertsolariak zuzenean eskuratuko du azaroaren 28an Iruñean izango den finalean kantatzeko aukera; joan den astelehenean, Altsasuko finalaurrekoan, halaxe eskuratu zuen aukera Eneko Lazkozek ere —Altsasun Fernandez zen kantatzekoa, baina osasun arazoak tarteko, Lazkozek ordezkatu zuen—.
Gainontzeko bertsolariek Leitzako finalaurrekoa bukatu bitarte itxaron beharko dute pilatutako puntuak finalean sartzeko aski zaizkien ala ez jakiteko. Izan ere, larunbatekoa igarota, Leitzakoa izango da jokatzeko geratuko den azken finalaurrekoa. Saio horretan zehaztuko da finalean sartuko diren zortzi bertsolarien zerrenda, finalaurrekoetan kantari ari diren hemezortzi bertsolarietatik.
Saio guztietarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.