Forbes

Daniel Mate, euskal herritar aberatsena

Forbesek Espainiako ondare handienen zerrenda argitaratu du beste urte batez. Zazpi euskal herritar daude ehun pertsona aberatsenen artean.

Jose Galindez (eskuinean), 2018an Solarpacken burtsaratu zenean. MIGUEL TOñA / EFE
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 2a
15:41
Entzun

Aldaketa izugarririk ez dakar aurten Forbesek Espainiako ehun ondare handienekin urtero egiten duen zerrendak. Enpresa handien sortzaileak daude batetik, eta Amancio Ortega Inditexeko burua dago zerrendan lehena (67.000 milioi euro); bestetik, enpresa sortzaile handien seme-alabak, eta Sandra Ortega Mera dagozerrendan bigarrena. Amancio Ortegaren alabaren ondarea 6.300 milioi eurokoa da.

Daniel Mate donostiarra da lehen euskal herritarra zerrenda horretan. Orain gutxira arte Glencore meatzaritza multinazionaleko zuzendaritzako kide izan da, eta zerrendako 10. postura igo da, 2.200 milioi euroko aberastasunarekin. Lehengai industrialen prezioen igoera ikusgarrien ondorioetako bat meatzaritza konpainia handien balioa handitzea izan da. Adibidez, Matek Glencoren duen parte hartzeak iaz baino 1.000 milioi euro gehiago balio ditu orain.

Zerrendan 17. eta 18. Jon eta Francisco Riberas Mera anaiak daude, 1.300 milioi bana euroko aberastasunarekin. Riberas Mera anaiak ez dira euskal herritarrak, baina Gestamp multinazionala bai, haien enpresen artean ikurra.

Euskal Herrian jaiotako beste enpresa gizon baten izena irakur daiteke 27. postuan: Jose Maria Aristrainen aberastasuna 950 milioi eurotan neurtu du Forbesek, 2020an baino 350 milioi euro gehiagotan. Olaberriako (Gipuzkoa) Aristrain altzairutegiaren sortzailearen semea da, eta 2006an Arcelor taldea Mittali saldu zion; ordutik, Aristain Arcelor Mittalen %2ren jabea da, eta bereak dira Tubacexen enpresaren akzioen ia %15 ere. Aristrainen izena aldiro agertzen da hedabideetako titularretan, urteak daramatzalako auzibidean, Espainiako Ogasunak salatuta. Espainian zergarik ez ordaintzeko asmoz, itxuran Suitzan bizi baina egiaz Madrilen bizi dela leporatzen diote Aristraini.

Forbesen zerrendan behera, Juan Luis Arregi enpresaburu bizkaitarra dago, 600 milioi euroko ondarearekin (650 milioi 2020an; 700 milioi 2019. urtean). Gamesaren sortzaileetako bat izan zen, eta ENCE Energia y Celulosa taldearen ohorezko presidentea eta akziodun nagusia da.

Victor de Urrutia Vallejo enpresaburu arabarra dago Arregiren atzetik, aberatsenen artean 43. Haren ondarea 650 milioi eurokoa da, Asua Inversionesen jabe eta CVNE Compañía Vinicola del Norte bodegaren akzioen %50,02ren jabe delako.

Neguriko familiek, nola ez, ordezkaritza dute Forbesen zerrendan, haien garai bateko itzala lausotu den arren. Angel Galindez ezagunaren semea, Jose Maria Galindez Zubiria, aberatsenen zerrendako 71. postuan ageri da. Solarpacken sortzailearen ondarearen balioa 400 milioi eurokoa dela dio Forbesek; iaz 250 milioi eurokoa zen.

Orain gutxi baimendu du CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak EQT funts suediarrak Solarpacken gainean egindako erosketa eskaintza publikoa. Funtsak 880 milioi euro ordaindu dizkie Solarpacken akziodun nagusiei: Galindez familiari, Pablo Burgos kontseilari ordezkariari, eta Onchena sozietateari; Solarparcken akzioen erdia baino gehiago zeuden haien esku. Operaziotik sortutako sozietate berriaren %5en jabe izango da Jose Maria Galindez.

Eta, hain zuzen, inbertsioak Onchena sozietatearen bitartez egiten dituen Ibarra Kareaga familia da Neguriko beste ordezkaria Forbesen zerrendan: zehazki, Carmen Ibarra, Arriluzeko markesa. Familiak inbertsio oparoak egin ditu azken urteetan, eta, adibidez, Solarpackekin bezala, MasMovilen jarritako diruari etekin polita atera dio geroko salmentan.

Dena den, Forbesek zehaztu duen moduan, Sendagorta, Ormazabal eta Zardoya itzal handiko familiak ehun aberatsenen zerrenda horretan ez egoteak badu esplikazio bat: familia oso zabalak direlako, eta kide askoren artean dutelako barreiatuta jabetza.

Espainiako ehun ondare handienen zerrendan mantentzen da oraindik Joseba Grajales, 250 milioi euroko aberastasunarekin. Guascorren sortzaileetako bat izan zen, Keralty taldearen akziodun nagusia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.