Lau eguneko kanpalekua abiatu dute NUPen, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko

Ikasle mugimendu osoak babestu du egitasmoa, eta, Euskara gaia, bada garaia! Unibertsitatea euskaraz orain! lelopean, manifestaziora deitu dute larunbaterako.  

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko kanpalekua Nafarroako Unibertsitate Publikoan. OLAIA L. GARAIALDE
Olaia L. Garaialde.
2021eko azaroaren 2a
14:21
Entzun

Euskaraz ikasteko eta aritzeko eskubidearen aldeko kanpalekua abiatu du NUPeko euskara taldeak NUP Nafarroako Unibertsitateko Arrosadiko campusean (Iruñea). Gaurtik ostiralera bitarte egonen dira, eta, Euskara gaia, bada garaia! Unibertsitatea euskaraz orain! lelopean, manifestaziora deitu dute larunbaterako, 12:00etan, Baratxurien plazatik (Iruñea) hasita. Lau aldarrikapen nagusi egin dituzte: Euskara arautuko duen euskara plana martxan jartzea eta euskararen errektoreordetza sortzea; euskara kredituei dagokienez, aurreko ikasturtean emandako pausoei jarraitzea; irakasleen kontratazioetan euskara aintzat hartzea; eta unibertsitateko langileak kontratatzerakoan euskararen ezagutza bermatzea.

Goizean egindako agerraldian, Josu Garralda eta Libe Renteria NUPeko euskara taldeko kideek aldarrikatu dute borrokatzen jarraituko dutela: «Entzun gaitzatela, ikus gaitzatela, hemen badela euskaraz ikasi eta bizi nahi duen komunitate indartsu bat, eta gure eskubideak zapaltzen dituztenean ez garela geldirik geratzen».

Lau eguneko egitaraua sortu dute, eta Unai Irigarai NUPeko euskara taldeko kideak azaldu du gaua unibertsitatean pasatzeko intentzioa dutela: «Errektoretzaren zain gaude; goizean negoziatu behar izan dugu kanpalekua egin ahal izateko, eta ez dakigu gaua pasatzerik izan ahalko dugun». Saioa Zubiate musikariaren eskutik amaituko dute gaurko eguna. Gainerako egunetan mus txapelketa, euskararen inguruko hitzaldiak eta bertso saio bat antolatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.