Aurreko astelehenean argitaratutako datuek agerian utzi zuten urrian goranzko joera hartu zuela Hego Euskal Herrian atzemandako COVID-19 kasuek, eta gaur plazaratutakoek bilakaera hori berretsi dute. Azken astean 1.270 positibo zenbatu dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak; urriaren 18tik 24ra bitarteko astean baino 77 kasu gehiago dira, eta 11tik 17ra bitartean baino 331 gehiago. Egoerak Gipuzkoan egin du nabarmen okerrera. Han atzeman dituzte kasuen herenak baino gehiago: 454 positibo astebetean.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur zabaldu du urriaren 25etik 31ra arteko txosten epidemiologikoa, eta, haren arabera, hamalau eguneko intzidentzia tasak 23 puntu egin du gora Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 116 positibora izateraino. Bizkaian, 75ekoa da, eta Araban, 54koa. Eremu gorrian dauden udalerriak, berriz, lau dira: Agurain (Araba), Azpeitia, Lazkao eta Zumarraga (Gipuzkoa).
Igandeko datuei erreparatuz gero, asteko datuen joera bera erakusten dute haiek. Hego Euskal Herrian baieztatutako 160 kasuetatik 94 Gipuzkoan erregistratu zituzten. Bizkaian 35 positibo atzeman zituzten, Nafarroan 26, eta Araban bost. Positibo tasari dagokionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %5,5 izan zen, Osakidetzaren arabera. Nafarroan, berriz, %3,4, lurralde hartako gobernuak zabaldu duenez.
Hego Euskal Herriko erietxeetan ere gora egin dute COVID-19agatik ospitaleratutako gaixoek. Denera, 136 lagun daude ospitaleetan; horietako 33 ZIU zaintza intentsiboetan. Gaitzarekin hildakoak, berriz, hamahiru izan dira azken astean. Txertaketari dagokionez, 2,3 milioi herritarrek baino gehiagok jaso dute pauta osoa Hego Euskal Herrian, Espainiako Osasun Ministerioaren arabera.