Ekin diote Glasgowko COP26ko lehen osoko bilkurari. Adituek mezu argia eman diete munduko agintariei, bilkuraren aurreko asteetan argitaratu diren txostenetan: ezinbestekoa da berehalako erabakiak hartzea, urrats eraldatzaileak egitea eta konpromisoak betetzeko neurriak zehaztea, mende amaieran Lurraren berotzea ez dadin 1,5 gradu baino handiagoa izan.
Mundua helburu hori lortzeko bidetik aldenduta dagoela ohartarazi zuen, joan den asteartean, NBIP Nazio Batuen Ingurumen Programak, COP26 biltzarraren antolatzaileak. Konpromiso ausartagoak behar dira, eta ausardiak neurtuko du gaur hasi eta azaroaren 12ra arte egingo den goi bileraren arrakasta. «Inflexio puntua» izan behar du, NBIPren esanetan, planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzea ezinezkoa bihur ez dadin. Goi bilera iaz zen egitekoa, baina COVID-19aren pandemiak behartu zuen hura urtebete atzeratzera.
Hasiera
Irekiera ekitaldia ordubete inguru atzeratu da, eta lehenik eta behin minutu bateko isilunea egin dute koronabirusaren pandemiaren ondorioz hil direnen omenez.
Jarraian, Alok Sharma COP26ko presidenteak azpimarra egin du 2015eko Parisko Akordioan ezarritako helburuak betetzeak duen garrantzian, nagusiki planetaren berotzea 1,5 gradura mugatzeak: «Goi bilera hau gure azken itxaropena da. Herritarren eskariei erantzun behar diegu».
Datozen bi asteetan 200 herrialde ingurutako ordezkariak bilduko dira Glasgown, eta denera 25.000 kazetari inguru izango dira han, tartean, BERRIAko Iñaki Petxarroman. Gai nagusiak izango dira metano gasen isurketa, Parisko Akordioak ezarritako helburuak betetzeko ezarri beharreko araudia, edo basoak babestearen garrantzia.