PSE-EE

Eneko Andueza izango da PSE-EEko idazkari nagusi berria, %95eko babesarekin

«Garai berri bat» hitzeman du Idoia Mendiaren ondorengoak. Afiliatuen %65,75ek eman dute botoa.

Eneko Andueza botoa ematen, gaur goizean, Eibarren. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Aperribai.
2021eko urriaren 30a
21:12
Entzun

Ez da ezustekorik izan PSE-EEko idazkari nagusia hautatzeko bozketan, eta Eneko Anduezaren hautagaitza babestu du afiliatuen gehiengoak. Haren hautagaitzaren alde egin du %95,3k eta Soraya Morlarenari botoa eman dio %4,28k. 5.014 kidek zuten botoa emateko aukera, eta horietatik %65,75k egin dute.

Nagusitasun handiz gailendu da Andueza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina azken horretan jaso du babes handiena: %98koa. Zenbateko hori %93koa izan da Araban eta Bizkaian.

Alderdiaren lidergo berriak «garai berri bat» zabalduko duela adierazi du goizean Anduezak, bere botoa eman ostean; «itxaropenez eta ilusioz beteriko garai bat». PSE-EEren «printzipioekin» bat datozen «praktika sozialistak» garatzeko aukera izango dutela nabarmendu zuen, eta horretan ariko direla, hala nola, «klima aldaketaren kontrako borrokan, berdintasunaren aldekoan, indarkeria matxiastaren aurka, hezkuntzan, osasunean, enpleguan eta etxebizitzan».

Idoia Mendiak utzitako kargua beteko du Anduezak. Irailean iragarri zuen orain arte idazkari nagusi izan denak ez zuela hautagaitza berrituko. Anduezak egin moduan, «garai berri bat» hizpide izan zuen atzo Mendiak. «Erronka berriak» izango dituztela, eta erronka horiei aurre egiteko «lidergo berri bat» behar dutela nabarmendu zuen.

Emantzat jotzen zen Anduezaren garaipena. Morlak esana zuen hautagaitza aurkeztea bera lorpena izan zela. PSE-EEk EAJrekin duen gobernu itunarekin kritikoa da Morla. «Alderdi Sozialistak denekin egiten du berba, baina oso kuriosoa da Euskadin beti berberekin egiten dituela itunak», adierazi zuen idazkari nagusirako hautagaitza aurkeztu ondoren, eta garden adierazi zuen Elkarrekin Podemos-IUrekin eta EH Bildurekin akordioa egitearen aldekoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.