Espainiako aurrekontuak

EAJk eta EH Bilduk ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu

Jeltzaleek gutxieneko diru sarreren eskumenaren inguruko akordio bat erdietsi dute. EH Bilduk gobernuari adierazi dio erabakia ez dela «txeke zuri bat». Kataluniako independentisten artean, JxCk eta CUPek euren zuzenketak aurkeztu dituzte; ez, ordea, ERCk eta PDeCATek.

Maria Jesus Montero eta Meritxell batet, aurrekontuen aurkezpenean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urriaren 29a
12:50
Entzun

Amaitu da Espainiako Gobernuak aurkeztutako 2022ko aurrekontu proposamenari osoko zuzenketak jartzeko epea, eta, ondorioz, baieztatu dira Moncloak lortutako lehen akordioak. PPk, Voxek, Ciudadanosek, Foro Asturiasek, Koalizio Kanariarrak, JxCk eta CUPek aurkeztu dituzte eurenak. Euskal alderdien artean, berriz, EAJk eta EH Bilduk baztertu egin dute halakorik egitea. PSOE «optimista» da; Hector Gomez bozeramailearen arabera, uste baitute negoziazioak bide onetik doazela.

EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek goizean adierazi du «agertoki guztiak irekita» zeudela. Egunean zehar martxan izan dituzten negoziazioek, baina euren fruituak eman dituzte, eta, azkenean, jeltzaleek ez dute osoko zuzenketarik aurkeztu. Aitor Esteban bozeramaileak azaldu duenez, bizitzeko gutxieneko diru sarreren kudeaketaren inguruko akordioa izan da horren eragile: «Zorionez, akordio politiko batera iritsi gara». Hala, «konfiantza berrezarrita», aurrekontuak aurrera ateratzeko akordio bat lortzeko aukera «itxaropentsu» begiratzen du orain Estebanek; besteak beste, datozen asteetan digitalizazioaren eta AHTaren lanen inguruko aferak, eta EAEra eta Nafarroara bideratutako aurrekontuen egokitzapena jarriko dituzte mahai gainean. «Zuzenketen [partzialen] bitartez konponduko garela uste dugu», gehitu du.

EH Bilduren bozeramaile Mertxe Aizpuruak, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan, azaldu du independentistek ere ez dutela osoko zuzenketarik aurkeztuko, baina Moncloari gogoratu dio hori ez dela «txeke zuri bat». Hala, azaldu du gobernuarekin hasitako negoziazioetan euren proposamenak egingo dituztela, nagusiki pertsonen «eskubideekin» eta «arlo sozialarekin» lotutakoak: «Behin horiek lotuta, Euskal Herriarentzat eta euskal herritarrentzat prestatuta dauzkagun partida ekonomikoen txanda izango da». Elkarrizketa horiek bide onetik doazela ere adierazi du, ez dakien arren noraino iritsi daitezkeen: «Oraindik asteak geratzen dira negoziatzeko».

Kataluniako independentisten artean, bestelakoa da ikuspegia. Aurrekontuei osoko zuzenketa ezarri diote JxCk eta CUPek; ez, ordea, ERCk eta PDeCATek. Halere, bakoitza bere partida jokatzen ari da. CUPek baztertu egin du Moncloarekin akordioren bat ixteko aukera: «Ezinezkoa da gobernuarekin akordioetara iristea sistematikoki autodeterminazio eskubidea gaitzesten badu eta ezkerreko politikak egiteko gaitasunik ez badu». Hala, autodeterminazio erreferendum bat, amnistia eta aberastasunaren banaketaren aldeko politikak aurrera eramateko «testu alternatibo» gisa aurkeztu du bere osoko zuzenketa.

JxCk, berriz, Espainiako Gobernuaren aurrerapausorik eza argudiatuta aurkeztu du berea, argudiatuta Moncloaren proposamenaren alde egitea Kataluniara «aurrekontuan sartutakoaren erdia iristearen alde egitea» dela. Alderdiak ez dio atea itxi aurrerago Madrilekin negoziatzeari, baina bai eskatu dio ERCri eurek eginiko gauza bera egiteko, negoziatzeko fronte bateratu bat eratzeko bidean. Errepublikanoen erabakia, baina, PSOEren mugimenduen arabera moldatu da. Izan ere, aurrekontuei babesa ematearen truke eskatutako bi baldintzen inguruan erantzun bat bilatzen zuten: azken aurrekontuetan adostutako akordioak bere osotasunean betetzea, eta ikus-entzunezko lege berrian katalanari leku bat ematea. Bigarrenaren inguruan lortu dute akordioa, eta, beraz, uko egin dio osoko zuzenketari, azken unean.

Moncloaren proposamenaren aurkako jarrerarik gogorrena eskuineko unionistek erakutsi dute. PPk, Voxek eta Ciudadanosek «urteko lege garrantzitsuenarekin jolasteaz» akusatu dute gobernua, eta bakoitzak bere zuzenketa aurkeztu du. Hala egin du Koalizio Kanariarrak ere, Kanariak uharteetarako aurrekontu handiagoak eskatuta. Halakorik ez egitea erabaki dute BNG, Mas Pais, Compromis, Nueva Canaria, Teruel Existe eta Kantabriako Alderdi Erregionalistak. Horiek zuzenketa partzialen tramitazioa hasten denerako utzi dituzte balizko negoziazioak.

Osoko zuzenketen inguruko eztabaida datorren astean egingo dute kongresuan, baina PSOEk lasaitasuna adierazi nahi izan du aferaren inguruan. Alderdiaren hitzetan, balizko bazkideekin egiten ari diren elkarrizketak bide onetik doaz, eta uste dute osoko zuzenketek ez dutela aurrera ateratzeko aukerarik izango: «Une oro kontaktuan gaude talde nagusiekin, aurrekontuak garaiz ateratzeko asmoz». Osoko zuzenketak atzera botatzen badira, PSOEk eta Unidas Podemosek elkarrizketa erronda berri bat hasi beharko dute, aurrekontu proposamenean balizko bazkideekin adostutako aldaketak sartzeko. Hori, baina, zuzenketa partzialen bidez egingo dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.