Zientzia

Donostiako Eureka zientzia museoa itxiko du Kutxa Fundazioak, 2023an

Hainbat erabakiren berri eman du Kutxa Fundazioak. Jakinarazi dutenez, «eraldaketa prozesu sakon batean» hasiko dira aurki. Tabakalerara eramanen dituzte orain arte Eureka museoan izandako zenbat ekinbide, «modernizaturik».

Donostiako Eureka Zientzia Museoa, artxiboko irudi batean. IVAN PEREZ UBRIZ
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko urriaren 29a
12:44
Entzun

Kutxa Fundazioaren Eureka zientzia museoak hogei urte bete zituen joan den urtarrilean. Aurreikuspenen arabera, ailegatuko da datorren urteurrena ospatzera, baina hori izan liteke bizialdiko azkena. Fundazioak iragarri du Donostiako Eureka zientzia museoa itxi eginen dutela. Zehaztu dute iraungitze data, gainera: zentroak 2023an hetsiko ditu ateak. Emandako informazioaren arabera, ordea, museoan abiatutako proiektuak ez dira hutsean geldituko: Eurekan sortutako dibulgazio eta hezkuntza jarduerak «berritzea eta birformulatzea» da helburua, ondotik Tabakaleran leku hartzeko.

Hala, gune berri bat sortuko dute Tabakaleran. Emandako datuen arabera, «diziplinarteko ezagutzarako gune bat» izatea nahi dute, eta helburua da handik abiatuta egitea kulturarekin, zientziarekin eta hezkuntzarekin loturiko eskaintza herritarrei. Kutxa Fundazioaren esanetan, gunea Tabakaleran kokatua egoteak nabarmen lagunduko du «Gipuzkoako gizartearen premiekin hobeto konektatzen».

Hain zuzen, bide berri bati lotu zaio Kutxa Fundazioa, berriki argitaratutako ohar batean azaldu dutenez. Aurrera egitea dute helburu, eta, asmoa hori izanik, iritzi diote premiazkoa dela hainbat aldaketa egitea; 2030 Plan Estrategikoan jaso dituzte helburuak eta erronkak. Norabide berriak pizteko, baina, itzali eginen dira orain arte bizirik izandako zenbait; Eureka tarteko. Emandako datuen arabera, fundazioak 20 milioi euroko aurrekontua du urte bakoitzean bideratzeko.

Itzaltze gehiago

Eureka zientzia museoa ez da izanen ateak itxiko dituen bakarra. Kutxa Fundazioak iragarri du Etxarriko (Nafarroa) Arotz Enea udaleko etxearen jarduna ere bertan behera geldituko dela. Zehaztu dutenez, itxia izan da COVID-19aren izurriteak eztanda egin zuenetik, eta, azkenik, behin betiko ixtea erabaki du fundazioak. Ekogunea ere, Hernanin (Gipuzkoa), itxi egingo du. Hala ere, ingurumenarekin lotutako «hezkuntza proiektuekin» jarraituko duela esan du, eta eragile batzuekin kontaktuan dela Ekogunea dagoen tokian «proiektu» bat egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.