Independentzia. Hori irakur zitekeen Mikel Asurabarrena Gabiriko ostatuko (Gipuzkoa) jabearen elastikoan. ETB2ko Juego de Cartas saioan agertu behar zuen, baina saioko lantaldeak eskatu zion elastiko horrekin kamera aurrean ez ateratzeko. Arrazoiak? «Ikur eta aldarrikapen horiek ez dituztelako ETBn ateratzen uzten» eta «horrelako ikur batengatik» grabazio egun guztietako lana «atzera bota» zitekeelako. Horrela kontatu dio ostalariak BERRIAri gertatu zitzaiona: «Goizean kanpoko irudiak grabatu genituen. Esertzera gindoazen, bazkaltzera. Jertsea kendu nuen, eta begira hasi zitzaizkidan. Inork iruzkinen bat ere egin zidan, baina txantxetan izango zelakoan, mahaian esertzera joan nintzen. Orduan, saioko bat etorri zen niregana, eta esan zidan ikur eta aldarrikapen horiek ez dituztela ETBn ateratzen uzten».
Hori ikusirik, «oso gaizki» sentitu zela aitortu du ostatuko jabeak, «seinalatuta». «Konpromiso batean jarri ninduten. Ni ez nengoen ohiko leku batean, kamera eta lantalde guztiaren aurrean... Urduri nengoen, telebistako programa bat grabatzen ari nintzen, gure negozioaren izena defendatzen... Jertsea jantzi, eta horrelaxe jarraitu nuen», adierazi du. Asurabarrenaren hitzetan, ez zen kontzienteki egindako hautu bat izan, naturalki jantzi zuen, grabazioko beste hiru egunetan beste elastiko batzuk jantzi zituen moduan: «Goizean niki hau jantzi nuen, beste egunetan ezer jartzen ez zuen niki bat jantzi nuen bezala. Lehenengo egunean Gabiriko ostatuko kamiseta jantzi nuen. Ez zen bi aldiz pentsatutako ekintza bat izan».
Ostalariak kontatu duenez, Juego de Cartas saioko kide bat hurbildu zitzaion gero, eta babesa adierazi zion –BERRIAk aukera eman dio ETBri gertatutakoaren inguruan zer irizpide dituen azaltzeko, baina oraingoz ez du gaiari buruzko adierazpenik egin–. Bera ere «suminduta» zegoela esan zion, eta duela gutxi ETB1eko Baserria saioan gertatu zenaz hitz egin zuten. Kasu horretan, Honoring Courage; Blue Lives Matter (Ohore adoreari; Bizitza Urdinek Axola Dute) zioen jertse bat soinean zuela agertu zen lehiakide bat. Irudiak ikusita, ETBk halakoetarako bi neurri dituela salatu zuten askok eta askok sare sozialetan, eta gogora ekarri zuten telebista publikoak zer jarrera eduki duen bestelako mezu batzuekin.
Hainbat egun igarota, gertaeraren inguruko zenbait galdera egin zizkion EH Bildu alderdiak Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiari. Hil horretako 30ean eginiko administrazio kontseiluan, Aldekoak esan zuen ETB1eko Baserria saioko arduradunek ez zekitela Gontzal Viaga Rodriguez lehiakideak jantzita zeraman jertseak zer esan nahi zuen. Horren harira, Aldekoak iragarri zuen kontrola areagotu egingo zutela, saioetako gonbidatuek gai politikorik eraman ez dezaten.
Aurrekariak
Kasu gehiago ere badaude. Duela hiru urte pasatxo, 2018ko ekainean, ETBrentzat lan bat egiten ari zen talde bat Juan Lekanda ekoizlearengana joan zen, hura elkarrizketatzera. Gastronomia saio baterako zen elkarrizketa, eta ekoizleak Altsasukoak Aske zioen elastiko bat zeraman soinean. Hori ikusirik, elastiko hura kentzeko eskatu zioten elkarrizketatzaileek, lelo bat zeramala argudiatuta. Ekoizleak uko egin zion elastiko hori kentzeari, eta elkarrizketa bertan behera geratu zen.
Ika-mika piztu zuen erabaki hark, eta Eusko Legebiltzarrera ere heldu zen. Josu Esterrona EH Bilduko legebiltzarkideak galdetu zion Maite Iturbe EITBren orduko zuzendari nagusiari halako erabakiak zeren arabera hartzen ziren. Zuzendari ohiak EITBren estilo liburua aipatu zuen debekuaren arrazoi gisa, eta liburuaren 3.3 paragrafoan jartzen duena ekarri zuen gogora. EITBko saioetan Baztertu beharreko jokabideak epigrafearen barruan, honela dio paragrafoak: «Era berean, parte hartzearen helburua ez da EITBk dauzkan helburuez bestelakoa izan behar. Hau da, ikusleek, entzuleek eta erabiltzaileek ez dituzte helburu pertsonal, komertzial, edo publizitarioetarako baliatu behar parte hartzeko mekanismoak».
Guardia Zibilaren txaleko bat albistegietan
Albistegietan agertutako Guardia Zibilaren txaleko bat ere eztabaida iturri izan zen duela ez asko. Gertaera uztailaren 27an jazo zen. Pasaiako itsasaldean arrantza sare zahar arriskutsu bat atera zuten itsas azpitik. Hain justu ere, Guardia Zibilaren esku dago merkataritza portuen eta kosten zaintzaren inguruko eskuduntza, eta patruila ontzi bat bidali zuen ekinean jardutera. ETBko kazetari talde bat Guardia Zibilaren ontzira igo zen operazioaren berri emateko, eta kameren aurrean aritu zen esatariak Guardia Zibilaren txaleko bat jantzi zuen. Hala agertu zen albistegian.
Irudiak zeresana eragin zuen sare sozialetan, eta EH Bilduko Gasteizko legebiltzarkide Josu Estarrona Elizondok iragarri zuen EITBren zuzendaritzari galdetuko ziotela gertaeraren inguruan. «Pasaian ez da egongo, ez, beste itsasontzi edo txaluparik gai honen inguruan informazioa emateko». Andoni Aldekoa EITBko zuzendariak erantzun zion esanez ETBk ez duela Guardia Zibilarekin «lankidetza orokorrik», eta nabarmendu zuen zuzendaritzakoek ez zekitela kazetari bat erakunde horren ontzi batera igoko zenik, pantailan ikusi zuten arte.